ELORRIO EZIN MENDERATU

2018/12/20
Zaisa Txingudi Rugby Clubak larunbatean Elorriora egindako bisitan 31-22 galdu zuen
ELORRIO EZIN MENDERATU
Elorrio 31
22 Zaisa Txingudi Rugby Club

Irundarrek bazekiten zelai zailara bidaiatzen zutela. Denboraldiko lehen zatian, Zaisa Txingudi Rugby Clubak baja asko zituela medio, 20-71 galdu zuten Elorrioren aurka.

35 punturekin sailkapeneko liderrak dira elorriotarrak, izan ere, jokatu dituzten zazpi jardunaldietan zapore berdina dastatu dute, garaipenarena hain zuzen. 

Baina irundarrek gogo asko zuten talde honen aurka jokatzeko, batetik, min hartuta zituzten jokalariak berreskuratu zituztelako eta bestetik, sailkapenean gora egin nahi zutelako.

Eta horrela hasi zuten norgehiagoka. Lehen zatian, defentsan zein erasoan gogor ekin zioten eta 12-15 markagailuan aurreratu ziren. Baina bigarren zatian ezin izan zuten emaitza mantendu.

Elorriok irundarren defentsan zuloak aurkitu zituen eta azkenean garaipena etxean geratzea lortu zuten. 

Zaisa Txingudi Rugby Clubak porrot honen ostean, 19 punturekin sailkapeneko hirugarrena da. Oso hurbil dituzte laugarren sailkatuak, beraz, urtarrilaren 12an Zornotzaren aurka jokatuko duten norgehiagokan garaipena eskuratzen saiatuko dira. Zornotza, 28 punturekin eta porrot soil batekin, sailkapeneko bigarrena da, hau da, gabonetan beste partidu zail batetarako ondo prestatu beharko dira irundarrak.