Eliteko igerilariaren betebeharrak, eta haien ondorioak
Belaunaldi ezberdinetako igerilariek mantendu dute Bidasoa XXI Espainiako Kopako Ohorezko Mailan
Estatuko igeriketa elkarte onenen artean dago Bidasoa XXI. Espainiako Kopan parte hartu du urtarrilaren 22, 23 eta 24ko asteburuan, Madrilen. Ohorezko Mailan aritu dira bai neskak, baita mutilak ere. Jaitsiera ekiditeko helburua zuten bi taldeek, eta gehiegi sufritu gabe erdietsi dute, laugarren izan baitira Goi mailan aritzeko, aspaldi gainditu behar izan zituen Bidasoa XXIek eskualdeko mugak, baita Euskal Herrikoak ere. Espainiako eta Frantziako beste lekuetako igerilariak aritzen dira Bidasoa XXIekin. Hala ere, maila handia ematen duten irundarrak ere badira. Taldekideak dira Oskitz Aguilar eta Yerai Lebón irundarrak. Hiru urteko aldea dago bien artean. Igeriketa bizitzeko moduan ere, badago diferentzia.
Behin baino gehiagotan igo da Oskitz Aguilar Espainiako Kopako podiumera. Bakarka, hirugarren izan da 100 metro libreetako proban (51.31). Baina marka hori hobetu du 4X100 erreleboetan. Lehen tokian egin du igeri, eta 50.87ko denbora behar izan du lana amaitzeko. Yerai Lebón, Markel Alberdi eta Florian Coiffard izan ditu taldekide. Erreleboa irabaztea lortu du laukote bidasoarrak, eta Terrassa bigarren sailkatuari ia lau segundo atera dizkio. Proba horixe du Aguilarrek begiz jota, aurtengo helburu gisa. 4X100 erreleboetan saiatuko da Rio de Janeiroko Joko Olinpikoetarako plaza lortzen. “Badakit zaila dela, baina gogor saiatuko naiz”, zin egin du 20 urteko irundarrak.
Igeriketan hasi zenean, halakorik ez zitzaion burutik pasa ere egiten. Behartuta joaten zen Artalekura, igeriketa ikastaroetara, amak esaten ziolako kirola egitea ezinbestekoa zela. Ikastaroko maila guztiak gainditu ondoren, Bidasoa XXI klubean sartzeko probak egiteko aukera eman zioten. Hura ere gogoz kontra egin zuen. Lehiatzen hasita, Oskitz Aguilarrek dezente sufritu zuen: “Lehen urteak zailak izan ziren. Entrenatzaile gogor bat eduki nuen, eta uztekotan egon nintzen behin baino gehiagotan, gaizki pasatzen nuelako. Motelenetakoa izaten nintzen beti, eta inbidiaz begiratzen nituen beste haurrak”. Pubertaroko gorputzaren aldaketekin batera hasi zen igerilekura gustura joaten: “Bilakaera handia izan nuen. Gainerakoak, aldiz, berdin gelditu ziren”.
“Ahalegin handia eskatzen du, baina hemen baldin bazaude, badakizu zertarako zauden”
Oskitz Aguilar
Emaitzak eta markak hobetuz joan zen hurrengo urteetan, eta entrenatzaileen arreta erakarri zuen. Markel Alberdi taldekide eibartarraren entrenatzailearen gomendioz, Joaquín Blume Madrilgo Errendimendu Handiko Zentrorako beka eskatu zuen. Bigarren urtea du jada Aguilarrek Blumen, eta kontent dago: “Ahalegin handia eskatzen du, baina hemen baldin bazaude, badakizu zertarako zauden. Estatuko onenak ari dituzu inguruan entrenatzen”. Goizeko 6:30etan esnatzen da Aguilar, gosaldu ondoren eguneko lehen entrenamendua egiteko. Ikasgelara joaten da ondoren, eta 16:00etan, bigarren lan saioa egiten du. Txikitan iraupeneko probetan aritu izan bazen ere, orain 100 metro libreetan kontzentratuta dabil. “Oso proba teknikoa da. Dena neurtuta eduki behar da”, azaldu du igerilariak. Ondo hasi du denboraldia, eta zaila bada ere, Rion amaitu nahi luke.
Beste ikuspegi bat
Aguilarren taldekide den Yerai Lebón irundarra ere Errendimendu Handiko Zentroetan ibili zen, txikitan emaitza bikainak lortu ondoren. “13-14 urterekin, egunean bi aldiz entrenatzen hasi nintzen. Orduan ez zitzaidan batere inporta. Irabazi nahi nuen, eta ahalik eta gehien hobetu”, gogoratu du Lebónek. 18 urterekin, entrenamendu eta exijentzia maila handiagoa bilatu zuen Irundik kanpo. Toulousen egon zen lehenengo, Frantzian, Europa mailako elitearekin entrenatzen: “Bi urte gogor izan ziren. Entrenamendu, lehiaketa eta bidaia asko, pozak eta negarrak ere bai”. Hala ere, ez zituen esperotako emaitzak lortu.
“Ez dut uretan minutu bat alferrik galtzen”
Yerai Lebón
Ondorioz, Bartzelonarako bidea hartu zuen Lebónek, bertako errendimendu handiko zentroan onartu baitzuten. “Beste bi urte eman nituen han, egunean 7-8 orduz entrenatzen. Arlo fisikoan inoiz baino hobeto ibili nintzen, baina psikologikoan huts egin nuen”, aipatu du Lebónek. Lau urtez goi mailan lehiatzen eta entrenatzen ibili ondoren, bide hura alde batera utzita, etxera bueltatzea erabaki zuen Yerai Lebónek. Igeriketan jarraitzen du gaur egun, baina aurreko urteetan izandako presio itogarria gainetik kenduta. “Ezinbestekoa iruditzen zaidan entrenamendua egiten dut. Ez dut uretan minutu bat alferrik galtzen”, argitu du irundarrak.
Filosofia aldaketari esker, igeriketarekin eta bere egunerokoarekin gozatzen ari da Lebón. Bidasoa XXIeko haurrak entrenatzen egiten du lan, eta Soin Hezkuntzako ikasketetan pixkanaka aurrera egiten ari da. Gainera, duela hiru hilabete, “Nada de Nada” arropa marka sortu du, Rufino Regueira taldekide eta lagun minarekin batera. Igeriketan inspiratutako arropa saltzen dute: kamisetak, kirol jertseak, txanoak, motxilak, eta bainujantziak, noski. Igerilekutik hurbil jarraitzen du, beraz, Yerai Lebónek. Beste ikuskera batzuk ezagutzen ari da, ordea.