ELISE DULAC, AITOR YANGUAS ETA MARKEL REGUERO NAGUSITU ZIREN X. BIDASOA TXINGUDI SQUASH SARIAN

2023/05/09
ELISE DULAC, AITOR YANGUAS ETA MARKEL REGUERO NAGUSITU ZIREN X. BIDASOA TXINGUDI SQUASH SARIAN

Nafarroatik partehartze eskasa egon bazen ere, guztira 43 jokalari aritu ziren lehian asteburu guztian zehar

Lur Alai Squash Klubak antolatuta, X. Bidasoa Txingudi Squash Saria ospatu zen asteburuan Artalekun. Guztira, 44 jokalari aritu ziren lehian eta ortzirale eta larunbatean eta garaileak Lur Alai Squash Klubeko Elise Dulac, Benedikta Klubeko Aitor Yanguas eta FreeSquash Klubeko Markel Reguero izan ziren.

Ortziralean (maiatzak 5) gizonen taulako kanporaketekin eman zioten hasiera txapelketari. Larunbatean berriz, emakumeek eta junior mailako jokalariek jokatu zituzten euren partiduak. Bi egunetan lehiatu ondotik, gizonetan Benedikta Klubeko Aitor Yanguas nagusitu zen, Sergio Salgado eibartarraren aitzinetik.

Emakumeetan berriz, Lur Alai Squash Klubeko Elise Dulac hendaiarra izan zen garailea. Palatik datorren jokalaria da Dulac eta berriki Irungo klubean jokatzen hasi dena. Indarrez irabazi zuen hendaiarrak, bere jokoaren ezaugarritasun nabarmenenarekin. Bigarren sailkatua Begoña Yarza izan zen, bere garaian Alizia Txoperenak entrenatutako jokalaria. Yarzak 50 urte ditu eta Gorka Arretxe Lur Alai Squash Klubeko ordezkariak azpimarratu nahi izan duenez, “berriz ere indartsu sartu den jokalaria izan da”. Juniorretan azkenik, FreeSquash Klubeko Markel Reguero gasteiztarrak irabazi zuen, etxeko klubeko Unax Mariezkurrena finalean garaitu ondotik.

Arretxek berak adierazi duenez, “txapelketa borobila” izan zen hamargarren edizio hau, “azken aldian ohikoa izaten ari den moduan”. Nafar aunitzek kale egin zutela ere gaineratu zuen, “Nafarroako klub arteko txapelketa jokatzen ari zirelako, baita Osasunako Errege Kopako finala ikustera joan zirelako”. Hala ere, “partaidetza txukuna” eduki zuten sari honetan.

Gatazkak Artalekun

Gorka Arretxek ortziralean izandako gatazka bat ere salatu nahi izan du. Txapelketako lehen partidak jokatzen ari zirenean, Artalekuko gimnasioko langile batekin arazo bat eduki zutela jakinarazi du eta mehatxuak ere jaso zituztela, “txapelketa bertan behera uzteko”, alegia. “Txapelketa oztopatu nahi zutela zirudien”, erran du Arretxek eta ez jokalariek ezta klubeko ordezkariek ere ez zutela ulertzen horren zergatia: “Antolatutako txapelketa gimnasioaren araudiaren mende zegoela uste genuen eta kezkatua ginen inoiz ez zelako horrelakorik gertatu”.

Azkenean, ez zen ezer larririk gertatu eta bakoitzak bere bidea jarraitu zuela argitu du. Hala ere, kezkatua agertu da Irungo klubeko ordezkaria: “Gure ustez gatazka sakontzen eta zabaltzen ari da eta beste kirol klubekiko baden errespetu bera eskatzen dugu. Ez dugu jarrera hau ulertzen, batez ere 10 urte daramatzagunean squasha sustatzen eta gero eta jende gehiago kirol honetara erakartzen”.