EKI FANLO ERRUGBI 7KO MUNDUKO TXAPELKETA EPAITZEKO HAUTATUA

2022/06/16
EKI FANLO ERRUGBI 7KO MUNDUKO TXAPELKETA EPAITZEKO HAUTATUA
Aurreko ostiralean, ekainak 10, jaso zuen gonbita Cape Townen (Hegoafrika) ospatuko den errugbi 7ko Munduko Txapelketan epaile moduan lan egitekoEki Fanlo, errugbiko epaile irundarra, datorren irailaren 9tik 11ra Cape Townen (Hegoafrika) ospatuko den errugbi 7ko Munduko Txapelketa epaituko du. Aurreko ostiralean, ekainak 10, jaso zuen bere hautaketaren berri eta oraindik “sinistu ezinik” dabilela aipatu du.“Urte hasieran galdetuko balidate, ez nuke inondik inora pentsatuko hau gertatuko zenik”. Hau da Eki Fanlo irundarrak egiten duen balorazioa, errugbi 7ko Munduko Txapelketa epaitzeko hautatua izan dela jakin eta gero. Ekainaren 10ean eman zuen honen berri World Rugby-ko epaile buruzagitzak, Fanlok irailaren 9tik 11ra Cape Townera bidaiatu beharko duela Munduko Txapelketa epaitzeko hain zuzen ere. Pozik badago ere zaila egin zaio irundarrari albistea barneratzea: “Oso pozik nago, oraindik sinistu ezinik. Hala ere, gauzak nola gertatu diren barneratzeko zailtasunak izan ditut. Aurreko urtean, data hauetan, oraindik ez nuen Europako Txapelketan debutatu eta Malagan hasi zen bidaia hau oso azkar joan da, egia esan”.Bere hautagaitzan Kanadan eta Touloussen ospatutako txapelketan lortutako emaitza onak kontuan hartu direla uste du Fanlok: “Kanadara bidaiatu nuenean oso lan txukuna bete nuen eta bertako txapelketako finala epaitzeko izendatu ninduten, Australia eta Zelanda Berriaren artekoa. Uste dut bertan egindako lanak eta Toulousseko txapelketako azkeneko saioan egindako lan txukunak ere pisua izan duela nire izendapenaren hautaketa prozesuan”.Munduko Txapelketan parte hartzea, Joku Olinpikoetan parte hartzearekin batera, “albiste bikaina da errugbi epaile batentzat. Azkenean, epaitu daitekeen gauzarik hobenetarikoa da. Gainera, Hegoafrikan ospatzea beti da ilusionagarria”, adierazi du Fanlok. Horregatik beragatik, “disfrutatzeko gogoz nago eta ilusio handia dut joateko. Lan txukuna egin eta etxera pozik itzultzeko gogoz joango naiz”, gaineratu du irundarrak.