Egokitzen jakin du Real Unionek
AMOREBIETA: Sergio, Amelibia, Juaristi, Méndez, Morgado, Undabarrena, Arriaga (Orbegozo, 63'), Jorge García (Goiria, 77'), Ibai, Muniozguren, Ubis.
REAL UNION: Txusta (Tena, 58'), Azkoiti, Aimar, Esnaola, Ribera, Rodellar, Iriondo (Mikel Alonso, 79'), Mujika, Eneko Romo, Alain Barrón, Jorge Galán (Iriarte, 69').
GOLAK: 0-1: Mujika (2'). 1-1: Jorge García (15'). 1-2: Barrón (34'). 2-2: Méndez (44').
EPAILEA: Sánchez Aparicio. Txartel horiak: Ibai, Muniozguren, Goiria (Amorebieta); Mujika, Galán, Iriarte, Rodellar (Real Union).
Puntu bat arrantzatu zuen Real Unionek larunbatean Urritxeko itsasoan. Putzuz betetako zelaia izan zen Zornotzakoa, etengabeko euri jasaren ondorioz. Aspaldiko futbolaren itxura hartu zuen, beraz, urdinen eta txuribeltzen arteko lehiak. Ahalegin handia egin behar izan zuten bi taldeek, eta saria elkarbanatu zuten azkenean.
Unionek abantaila hartu zuen bigarren minutuan, Mujikaren golari esker. Barronen jaurtiketa putzu batean gelditu zen, eta pasaitarrak sarera bidali zuen ondoren. 15.ean aldiz, banakoa jarri zuen Amorebietak markagailuan, Jorge Garcíaren jaurtiketa batekin. 34.ean Barronek Real Unionen bigarrena sartu zuen, baina orduan ere, berehalako erantzuna eman zion talde bizkaitarrak. Mendezek berdindu zuen markagailua, aldagelarako bidea hartu aurretik.
Gol guztiak lehen zatian sartu zituzten bi taldeek. Bigarrenean, neurketak indarra galdu zuen, pixkanaka. Txustak zelaia utzi behar izan zuen 58.minutuan, min hartuta. Tenak ordezkatu zuen. Gainerakoan, lehia gogorra izan zuten bi taldeek, baina ez zuten gol aukera argirik sortzea lortu. Testuingurua kontuan hartuta, puntu baliotsua da Real Unionek Zornotzan eskuratutakoa. Arenasen garaipena dela medio, sei puntuko errenta dute orain txuribeltzek bosgarren sailkatuarekiko.