EGOITZ SAYAR EZ DA GEHIAGO REAL UNION B-KO ENTRENATZAILE IZANGO

2022/03/15
EGOITZ SAYAR EZ DA GEHIAGO REAL UNION B-KO ENTRENATZAILE IZANGO

Real Unionek Egoitz Sayarren kontratua etetea erabaki du eta Carlos Garcia izango da taldearen entrenatzaile berria

Pasa den larunbateko Urola KE-ren aurkako neurketaren ondoren, Real Union Klubak Egoitz Sayarren kontratua etetea erabaki du, eta horrela, Sayarrek Real Union B taldeko entrenatzaile izateari utziko dio. Bere ordez, klub txuribeltzak Ohorezko Errejional Mailako taldearen prestatzaile gisa Carlos Garcia izendatu du.

Aurreko urteko ekainetik zebilen Egoitz Sayar entrenatzaile moduan Real Union B-n, Astigarragako Mundarro FKE taldean lan bera egin ondoren. Txuribeltzek orain arte jokatu dituzten 25 partiduetatik zazpi irabazi dituzte, lau berdindu eta 14 galdu. 28 gol sartuta eta beste 35 jasota, 25 puntu batu ditu guztira orain arte. Horrela, sailkapeneko hamaseigarren postuan dago kokatuta, mailaz jeisteko postuetan hain zuzen ere. Hau kontuan hartuta, eta aurreko larunbatean Urolaren aurka porrota jaso eta gero, Real Union Klubak Sayarren kontratua etetea erabaki du, eta beraz, ez da gehiago taldearen entrenatzaile izango. Klub txuribeltzetik prestatzaileak egindako lana eskertu nahi izan du eta “etorkizunerako zorterik onena opa dio”.

Egoitz Sayarren ordez, Real Unionek Carlos Garcia irundarra kontratatu du denboraldi amaierara arte Ohorezko Errejional Mailako taldearen entrenatzaile berria izateko. Klubetik jakinarazi dutenez, Garciak 20 urteko esperientzia du prestatzaile gisa. 2001etik 2011 bitarte CD Mariñoko maila guztietan lan egin ondotik, 2011/12 denboraldian Real Unionen ibili zen kadete eta jubenil mailetan. SD Lengokoak eta Martutene KE taldeetan entrenatu eta gero, 2016/17 denboraldian bere ibilbideko momenturik onena bizi izan zuen Pasaia KE taldean. Bertan, bigarren entrenatzaile moduan hasi zen, hurrengo urtean lehen entrenatzaile bilakatzeko. Urte horretan gainera, taldea Hirugarren Mailara igotzea lortu zuen. Lehengo urteko denboraldian ere, Bigarren B Mailara igotzeko fasea jokatu zuen Pasaiarekin. Carlos Garciak atzo entrenatu zituen lehendabiziko aldiz Real Union B-ko jokalariak.