Egiari ihes egiten utzi dio Hondarribiak

2019/01/11
Egiari ihes egiten utzi dio Hondarribiak

Donostian galdu zuen larunbatean Hondarribia Eskubaloiak, Egia aurkari zuzenaren kontra. Desabantaila murrizteko aukera zuten berdeek, baina kontrako ondorioa izan du norgehiagokak. Sei puntu gehiago ditu orain Egiak. Diferentzia ia gaindiezina. Aukerarik ez zuen izan, gainera, Hondarribiak. Lehen gola sartu zuen Antton Etxebarriak, baina hortik aurrera, etxekoek agindu zuten markagailuan. Atsedenaldirako 14-8ko errenta zuen Egiak. Bigarrenean, emoziorik ez zen izan. Kezkatzeko moduko estualdirik ez zuten izan donostiarrek, eta garrantzi handiko bi puntu eskuratu zituzten.

Egiako porrotaren ondoren, hil edo biziko partida jokatuko du igandean Hondarribia Eskubaloiak Hondartza kiroldegian (12:00). Usurbil hartuko du, lau puntu gehiago dituen taldea. Partida bakarreko distantziara hurbiltzeko aukera izango du Hondarribiak oraingoan ere. Baina galduz gero, berdeen egoera benetan larria izango litzateke. Usurbilekiko ere, sei puntuko desabantaila edukiko lukete, bederatzi jardunaldiren faltan.

Garaipen lasaigarria lortu du Bidasoa Bk

Arnasa eman dion garaipena eskuratu zuen larunbatean HTG Express Bidasoa Bk. Bergaran irabazi zuen, defentsako intentsitatea berreskuratuta (21-25). Larunbatean Ordizia hartuko du, sailkapeneko azken taldea. Artalekun izango da norgehiagoka, arratsaldeko lauetan. Bi puntuak eskuratuta, Bergarako garaipenari jarraipena eman eta azken jardunaldietako zalantzak ahazteko aukera izango du Pedro Salcedoren taldeak.