EDURNE MARTIARENA ETA IDOIA KARRERA GARAILE

2021/06/06
EDURNE MARTIARENA ETA IDOIA KARRERA GARAILE

Hondarribiako Emakumezkoen VI. Pala Txapelketa Edurne Martiarena eta Idoia Karrera bikoteak bereganatu du. Emeki Elkarteko antolatzaileen iritziz, txapelketa “ahaztezina” izan da.

Azken hilabetean, Emeki Elkarteak antolatutako Hondarribiko Emakumezkoen VI. Pala Txapelketak larunbatero bete du Soroetako pilotalekua. Hain zuzen ere, asteburu honetan, final erdiak eta finala jokatuta, txapelketa amaierara iritsi da. Lehiaketa bikain baten ostean, txapela Behe Bidasoa eskualdean geratu da; izan ere, Edurne Martiarenak eta Idoia Karrerak osatzen duten bikote irundarra bilakatu da txapeldun.

Final erdiak Xole eta Mirari Etxegiak eta Maite Mariezkurrena eta Izaskun Ayorga bikoteek hasi dituzte. Lehen bikotea, orain artean txapelketako sendoenak izan dira eta faboritoak ziren finalerako lehen txartela eskuratzeko. Goizuetako ahizpak pasaden edizioko txapeldunak izan ziren eta titulua errepikatu nahian, garaipena eskuratzera irten ziren pilotalekura. Maite eta Izaskun ez ziren kikildu, baina Goizuetako bikoteak indar eta bertute gehiago erakutsi zuten. 15-6 mendean hartu zituzten Maite eta Izaskun eta txapelaren borrokan bete-betean sartu ziren.

Bigarren neurketan, Edurne Martiarena-Idoia Karrera eta Edurne Osa-Amaia Gonzalez bikoteak nor baino nor gehiago aritu ziren. Txapelketako hirugarren jardunaldian aurkariak izan ziren; hortaz, bakoitzaren ahuleziak eta indarguneak bikain ezagutzen zituzten. Txapelketa osoan zehar, bi bikoteak eskarmentu handikoak direla demostratu dute, baina larunbatean, batek soilik lor zezakeen finalerako sailkapena. Edurnek eta Idoiak azkarrago jokatu zuten eta aise erdietsi zuten garaipena, 15-4.

Finalaren aurretik, Hernaniko Pilota Eskolako pilotariek erakustaldia eskaini zuten Soroetan. Aurtengo edizioan Pala Txapelketako partaide izan den Garbiñe Tijero entrenatzaileak bultzatuta, buruz buruko neurketa jokatu zuten Enara Maciciorrek eta Joana Tolaretxipik. Macicior iritsi zen azkarren 15.tantura eta lagun arteko neurketa izan bazen ere, bien artekoa lehia estua izan zen (15-12).

Final handian aurtengo txapelketan tantu gehien batu dituzten bi bikoteak neurtu zituzten indarrak. Txapelketako azken neurketa 15 puntura jokatu beharrean, garaipena eskuratu nahi zuen bikoteak 20.kartoira iritsi behar izan zuen. Hasiera-hasieratik, Edurne Martiarenak eta Idoia Karrerak osatzen duten bikotea jarri zen aurretik markagailuan. Goizuetako ahizpei zaila egin zitzaien Behe Bidasoa eskualdeko bikoteak ezarri zuen pilotakaden erritmoa berdintzea eta denbora guztian atzetik mantendu ziren. Soroetako pilotalekura bertaratu zirenek gogotik disfrutatu zuten neurketarekin, tantu zirraragarriak ikusteko beta egon zen. Gauzak horrela, Martiarenak eta Karrerak eskuratu zuten Hondarribiako Emakumezkoen VI. Pala Txapelketako txapela.