EDOZERTARAKO PREST DAGO BEÑAT REZUSTA

2021/06/07
EDOZERTARAKO PREST DAGO BEÑAT REZUSTA

 Irungo Uranzu pilotalekuan 8-22 garaitu zuen Jose Javier Zabaleta eta Artola sendatu ezean, Altuna III.naren aurka arituko da Buruz Buruko txapelketaren finalean. 

Beñat Rezustak egin behar zuena egin zuen Irungo Uranzu pilotalekuan. Buruz Buruko txapelketako hirugarren eta laugarren postuak zehaztuko zituen lehian, 8-22 ondo menderatu zuen Jose Javier Zabaleta. Normalean, horrelako kontsolidazio neurketek ez dute pizgarri berezik; atzokoak, ordea bai Iñaki Artolaren zuntz hausturaren eta finala atzeratzeko eskaeraren ostean, alegiarra finalaren data berrira iritsiko ez balitz, Irunen garaipena erdietsi zuen pilotariak ordezkatuko luke. Gauzak horrela, Beñat Rezusta litzateke Artolaren ordezkoa finalean.

Rezustak zein Zabaletak final erdiak galdu ostean, atzelarien arteko lehia polita izan zen. Beñat Rezustak ezin hobe ekin zuen neurketa eta Zabaletak Buruz Burukoan oinarrizkoa den alorrean huts egin zuen: sake osteko errestoan. Rezustak bikain atera zuen eta segituan lortu zituen lehen abantailak (4-10). Orotara, Rezustak zortzi tanto egin zituen sakez, horietatik, seitan Zabaletak ezkerrarekin huts egin zuen.

Sakeaz gain, pilotakadetan ere nagusitu zen pilotari bergararra. Alde batetik bestera mugarazi zuen Zabaleta, nekatu egin zuen eta frontisetik gertu zein urrun, jaun eta jabe izan zen. 4-4ko berdinketatik, 4-10 markagailura handitu zuen abantaila Rezustak, ez zen partzial handi bakarra izan. 5-10 puntuaren ostean, zortzi tantu erreskan egin zituen Rezustak eta neurketa erabakita utzi zuen (5-18).

Sakea berreskuratu zuen Zabaletak eta horrekin batera, neurketako bi tanto onenak erdietsi zituen. Etxerrenekoak eramanezinak ziren bi sake zital egin zituen eta 8-18koa ezarri zuen. Nekatuta eta indarrik gabe balitz bezala, Zabaletak amore eman zuen eta erreskan lortutako azken lau tantuekin 22.kartoira iritsi zen Rezusta.