DURANGOK TXINGUDI ERRUGBI KLUBA TXIKITU DU
Denboraldi honetan oraindik galdu ez duen Nissan Durango taldeak 44-7 irabazi zion Txingudi Errugbi Taldeari.
Neurketa zinez zaila zuen aurretik Txingudi Errugbi Klubak asteburuan. Aurreko urtean sailkapeneko bigarren postuan bukatu zuen eta denboraldi honetan porrotaren zapore mingotsa ezagutzen ez duen Nissan Durangoren zelai artifizialean jokatu zuten. Zailtasunetaz gain, Txingudi Errugbi Klubak akats gehiegi egin zituen Euskadiko Senior Ligako talde gogorrenetariko baten aurka eta neurketa 44-7ko jipoiarekin amaitu zen.
Txingudi Errugbi Klubak neurketari ondo ekin eta Durango zailtasunetan jarri bazuen ere, Durangok baloia berreskuratzen zuen bakoitzean baloia azkarrago mugitu eta metro gehiago kentzen zizkion talde bidasotarrari. 11 minutuan neurketako lehen entsegua heldu zen, zelai erdian Txingudi Errugbi Klubak baloia galdu zuen eta defentsa berantolatzeko aukeraik gabe, Durangok 7-0ekoa egin zuen. Txingudi Errugbi Klubak erreakzionatu eta 6-7kora hurbiltzeko bi zigor kolpe izan zituen, baina Ugo Ponciniren saiakerak kale egin zuten.
32.minutuan etxeko taldea entsegu berri bat erkuratzetik gertu zegoen. Txingudi Errugbi Klubaren defentsak ondo defendatu zituen Durangotarren bultzakadak, baina ez zen nahikoa izan markagailuan ezartzen zuen 12-0ekoa ekiditeko. Ordutik gutxira, 38.minutuan, zorte txarreko jokaldi batetik 17-0ekoa egin zuen Durangok. Durangoren ‘touch’-ean, Txingudi Errugbi Klubeko Iker Tejerok baloia ostu zuen, baloia ez zen jasotzailearengana iritsi, Durangoko aurrelariak baloia hartu zuen eta norgehiagokako hirugarren entsegua egin zuen.
Atsedenalditik bueltan, talde bidasotarra gogotsu irten zen zelaira eta Txingudi errugbi Klubeko aurrelarien zenbait ‘picks&go’-ren bitartez, Imanol Aizpuruaren entsegua iritsi zen. Luken Crouzatek gauzatu zuen transformazioa eta bidasotarrak 17-7 hurbildu ziren. Hala ere, Durangok azkar erreakzionatu zuen eta hogei minuturen buruan hiru entsegu egin eta 34-7 aurretik jarri ziren. Neurketa erabakita zegoen, baina okerrera egin zuen Txingudi Errugbi Klubarentzat. Luken Crouzatek txartel horia jaso zuen eta azken hamar minutuak jokalari bat gutxiagorekin jokatu zuen Iñigo Camarerok zuzentzen duen taldea. Durangok abantaila bikain baliatu zuen eta neurketa bukatu aurretik bi entsegu berri gauzatu zituen (44-7).
Emaitza alde batera utzita, Iñigo Camarero pozik agertu zen Txingudi Errugbi Klubak egin zuen neurketarekin. Bere aburuz, “beste partiduetan erakutsitako maila hobetu dugu ligako talde lehiakor eta zailenetako baten aurka. Akatsak zuzendu behar ditugu hurrengo neurketan berriz ez gertatzeko”.