Donibane Lohizune-Hondarribia maratoi erdirako dortsal guztiak agortuta
Hondarribiako Kirol Taldea elkarteak eta Donibane Lohizuneko Ur Joko Arraun Elkarteak antolatutako Donibane Lohizune-Hondarribia lasterketaren edizio berri bat ospatuko da igande honetan, urriaren 27an. Berezia izanen da aurtengoa, 25 urte beteko dituelako probak eta urtemuga hori ospatzeko, dortsal guztiak agortu dituzte parte hartzaileek. Guztira, 3100 korrikalarik eman dute izena, iaz baino 1100 gehiago eta hau ikusirik, antolatzaileek duela aste pare bat itxi zituzten izen emateak. Ibilbidea ere zertxobait aldatu dute aurtengo ediziorako, izan ere, irteera Donibane Lohizuneko Ferdinand Foch plazara lekualdatu dute. Hala ere, ordutegiekin berean hasiko da proba, 10:00etan eta 21 kilometro egin ondotik (356 metroko desnibel positiboarekin), Hondarribiako Kale Nagusian helmugaratuko dira korrikalariak. Bidean lau anoa gune izanen dira, 5, 10, 15 eta 18 kilometroetan. Horrez gain, animazioa, kontsignak, dutxak, aldagelak, osasun zerbitzuak eta lasterketara bertaratzeko zein itzultzeko autobusak ere izanen direla aipatu dute antolatzaileek.
Iaz Pierre Urruty izan zen gizonezkoen kategorian irabazlea, 01:09:48ko denborarekin. Emakumeetan, berriz, Charlotte Morelek eskuratu zuen txapela, 01:25:54ko denboran osatuz proba.