DONIBANE LOHIZUNE-HONDARRIBIA LASTERKETAK BERE 23. EDIZIOA OSPATUKO DU IGANDEAN
Donibane Lohitzunetik atera eta Hondarribiako Arma Plazan helmugaratuko dira korrikalariak
Igande honetan, urriaren 23an, Donibane Lohizune-Hondarribia lasterketa ezaguna ospatuko da. 23. edizioa izanen da eta goizeko 10:00etan emanen zaio hasiera Donibane Lohitzunetik. Antolatzaileek erran duten moduan, 11:00ak aldera bukatuko da Hondarribiako Arma Plazan.
Bi urtez ospatu ezinik egon ondotik, aurten 23. aldiz eginen da Donibane Lohizune-Hondarribia lasterketa. Iñaki Arrieta Hondarribiako Kirol Taldeko ordezkariak jakinarazi duen moduan, “25. edizioa izan beharko luke aurtengoa, baina bi urtez ezin izan dugu ospatu”. Lasterketa goizeko 10:00etan hasiko da Donibane Lohitzunen eta 11:00ak aldera helmugaratuko dira korrikalariak Hondarribiako Arma Plazan. 2019an leku berean bukatu zen eta aurten bigarren aldiz errepikatuko dute amaiera hori.
Arrietak aurtengo lasterketaren berezitasunak ere azpimarratu ditu. Alde batetik, 2019an ez bezala, proba ofizialki maratoi erdia izanen dela aipatu du: “2019an ibilbidea aldatu behar izan genuen, obrak zirela eta, eta beraz ez zen maratoi erdia izan. Aurten bai, neurketak egin ditugu eta ofizialki maratoi erdi bat izango da”. Beste aldetik, irteeran kajoiak jarriko dituztela ere adierazi du, “lasterkariak hobeto ateratzeko, tartekatuak”.
Aurtengo edizioaren antolaketa zaila izan dela ere onartu du Hondarribiako Kirol Taldeko ordezkariak: “Hiru urtetako lana izan da, zaila, baina ongi egin dugu Ur Joko elkartearekin batera”. Gogorra izan bada ere, “pozik” daudela baieztatu du, batez ere lasterketak izanen duen partehartzearekin. Izan ere, “urriaren 9an itxi genuen epea, eta 1552 korrikalari izango ditugu”, erran du Arrietak.
Azkenik, Rafa Indo Ur Joko elkarteko ordezkariak, bere aldetik, “lasterketa antolatzen jarraitzeko” deia egin die gazteei. Beste aldetik, Juan Luis Silanes Hondarribiako kirol zinegotziak beste deialdi bat ere egin du, “lasterketan parte hartzera edota animatzera” hurbiltzekoa hain zuzen ere.