Deseroso aritu da Real Union Socuéllamosen
SOCUéLLAMOS: Bocanegra, Carlos García, Jacinto, Pelegrina, Zurdo, Hernández (Ortiz, 62'), Salva, Jesús García, Kike, Ocaña (Calle, 78'), Montes (Chato, 76').
REAL UNION: Tena, Ibarbia, Azkoiti, Aimar, Urkizu, Silas, Rodellar, Mikel Alonso (Iriondo, 73'), Ozkoidi (Mujika, 54'), Galán (Juan Domínguez, 67'), Goikoetxea.
GOLA: 1-0: Ocaña (13').
EPAILEA: Santos Paragaña. Txartel horiak: Jesús García (Socuéllamos); Silas, Juan Domínguez (Real Union).
Socuéllamos herriko Paquito Jiménez futbol zelaian galdu du Real Unionek. Belar artifiziala, haize boladak eta aurkari gogorra izan ditu aurrean Aitor Zulaikaren taldeak. Irundarrek ez dute behar bezala moldatzea lortu, eta Socuéllamosen mendean aritu dira norgehiagokaren zatirik handienean. Luze jokatzen ahalegindu dira txuribeltzak, Iñaki Goikoetxeak baloia kontrola zezan. Lehen saiakerek ez dute emaitzarik izan. Aurkariak aldiz, aurreneko aukeran markagailuan abantaila hartzea lortu du. Zurdok egin du erdiratzea, eta Ocañak sartu du baloia zutoinaren ondotik. Maldan gora jarri zaio neurketa Unioni. Socuéllamosek erabat gainditu du aurrerantzean. Kokapenari eta presio aurreratuari esker, irundarren irteera oztopatu dut etxekoek. Gainera, arriskua sortzen jarraitu dute Jon Tenaren arean.
Bigarren zatian gehiago estutu du Unionek Socuéllamos. Galanek eman du lehen abisua boleaz, 52.minutuan. Mujika sartu duenean aurrera egin dute txuribeltzek. Dena den, azken metroetan ez dira fin ibili. Pasaitarrak eduki du gol aukera bakarrenetariko bat. Eskuin hegaletik sartu da indartsu, baina bere jaurtiketak sarearen kanpoaldean jo du. Etxeko taldea eroso aritu da abantailarekin, eta sendo eutsi dio 1-0ekoari. Luzapenean ohiko urduritasunak hartu du futbol zelaia, azken unera arte berdintzeko aukera izan duelako Real Unionek. Hala ere, hiru puntuak Socuéllamosen gelditu dira azkenean. Huescaren garaipenarekin, lidertza urrun gelditu zaio Aitor Zulaikaren taldeari. Hori horrela, play-off postuetan eustea izango da irundarren helburua azken bost jardunaldietan.