DENBORALDI-AURREA BUKATZEKO BERDINKETA

2021/01/29
DENBORALDI-AURREA BUKATZEKO BERDINKETA
Fenix Toulouse 28
28 Bidasoa

Atzoko neurketarekin neguko prestaketa bukatutzat eman du Bidasoak. Fenix Toulouse taldearen aurka 28-28 berdinduta, datorren otsailaren 3an Leongo Ademarren aurka Sacyr Asobal Ligako bigarren itzuliari hasiera emango diote.

Atzoko egunean arerio gogorra izan zuen aurrean Bidasoak, Frantziako LidlStarliguen eta EHF Europa Leaguen dabilen Fenix Toulousen aurka jokatu zuen. Denboraldi-aurreko hirugarren eta azken neurketan, Jacobo Cuetararen taldeak maila ona erakutsi zuen; lehen zatian, neurketaren jaun eta jabe izan ziren; bigarrenean, ostera, etxekoak gailendu eta neurketa berdintzea lortu zuten.

Fenix Toulousen aurkakoa test garrantzitsua zen Jacobo Cuetararentzat eta taldeak hasieratik bikain erantzun zion erronkari. Partiduko lehen hamar minutuetan lau goleko errenta hartu zuen Bidasoak (3-7) eta nahiz eta etxeko taldea markagailuan gerturatu, atsedenaldiaren aurretik aldea handitu eta bost goleko abantailarekin itxi zuten lehen 30 minutuak (11-16). Bigarren zatian, Fenix Toulousek bere nagusitasuna erakutsi eta markagailua berdintzeko indar nahikoa izan zuen. Azkenean, Fenix Toulousek eta Bidasoak 28-28 bukatu zuten neurketa, biak ala biak beren lehiaketak hasteko prest.

Matheus Da Silvak, Jose Manuel Sierrak eta Kauldi Odriozola min hartuta, eta Rodrigo Salinas eta Nicolas Bonanno Munduko Txapelketatik itzultzear daudelarik, Jacobo Cuetarak Gorka Nieto, Tao Gey-Emparan eta Eneko Furundarena deitu zituen lehen taldearekin batera jokatzeko. Gey-Emparanek eta Eneko Furundarenak neurketa borobila jokatu zuten, lau eta bi gol egin zituzten, hurrenez hurren. Hala ere, eguneko goleatzaile nagusiak Julen Aginagalde (7) eta Dan Racotea (5) izan ziren.

Bidasoa Irun (16+12): Ledo, Gey-Emparan (4), Aginagalde (7), Tesoriere, Racotea (5), De la Salud (2), Zabala (3); Cavero (1), Azkue (4), Serrano, Furundarena (2), Urruzola, Nieto, Crowley.