DAVID MOVILLA: `BIHAR EGUN BEREZIA IZANGO DA DERBIAK GURE ZALEENGAN SORRARAZTEN DUENAGATIK´
Real Unionek Sanse bisitatuko du bihar Reale Arenan, bi taldeen arteko derbia jokatzeko
Sanse eta Real Union aurrez aurre izanen dira bihar Reale Arena zelaian. Derbia jokatuko dute bi talde gipuzkoarrek eta bi entrenatzaileek aitzindu duten moduan, neurketa berezia izanen da, bai taldeentzat baita bi aldeko zaleentzat ere. Hitzordua 19:00etan izanen da.
David Movillak bihar partidua berezia izanen dela onartu du gaurko goizeko prentsaurrekoan: “Bihar egun berezia izanen da, Reale Arenan bizitzen den giroagatik, derbiagatik eta honek gure zaleengan sorrarazten duenagatik”. Atzo izan ziren berdegunean bi taldeko entrenatzaileak eta Movillak, irriz, jakinarazi du “hamaikakoa jakiten saiatu” zela, baina lortu ezinik itzuli zela Irunera. Txantxak alde batera utzita, entrenatzaile txuribeltzak bere aurkaria goraipatu du neurketaren atarikoan: “Tipo ona da, iragan unionistarekin eta teknikari ona da, lan oso ona egiten ari da”.
Zelaiaren inguruan, “indarra duen eskenatoki” bat dela aipatu du prestatzaileak. “Hutsik dagoenean ere, bertan energia berezia sentitzen da. Zelai historiko bat da eta neurketa hau jokatzeko oso polita, zalantzarik gabe”, erran du. Berdegunea baldintza bat izanen dela ere onartu du Movillak, baina hala ere “egokitu beharko” direla: “Gu lehiatzera aterako gara eta marra zurien barrenean gertatzen denari erreparatuko diogu soilik”.
Aurkaria lehen taldeko bajengatik baldintzatuta dago, eta aldez aurretik “ahulduta dagoen talde bat badirudi ere, 15 jardunaldietatik bakarra galdu dute” eta horrek harrobiko jokalarien mailaz asko erraten duela argitu du entrenatzaileak. Taldea, klubeko bertze guztiak bezala, “ongi optimizatua dagoen taldea da” eta “indibidualki duten potentziala taldean agerian uzten dute”.
Partidua irabazteko gakoa “baloiarekin edo baloirik gabe protagonista izatea” da, Movillaren hitzetan. Noski, Erreala gehiago da baloia duenean eta hori sahiestu beharko dute txuribeltzek. Hala ere, zaila izanen da eta baloia dutenetan ere lana egin beharko du Real Unionek horri aurre egiteko eta joku horretara egokitzeko. Horrez gain, “errendimendu ona eman beharko dugu zelaian, erregulartasuna bilatu eta puntuak gehitu”, prestatzaileak azpimarratu duen moduan. Hori izanen da garantzitsuena denboraldi bukaerara begira, puntuak gehitu eta sailkapenean postu eroso bat lortzea.