Daniel Ugarte frontoi azkarrera egokituko diren pilotak aukeratu zituzten atzo lau pilotariek
Bixintxo besten barrenean, urteroko pilota jaialdia ospatuko dute aurten ere Daniel Ugarte frontoian. Endaiarrak Pilota Taldean antolatuta, Peña II-Albisu eta P.Etxeberria-Martija bikoteak izanen dira aurrez aurre, Lehen mailako lehian. Horren aitzinetik ere, Salaberria-Gaskue eta Senar-Eskiroz lehiatuko dira B serie mailako partidan. Jaialdia 20:45ean hasiko da eta dagoeneko pilotari guztiek materiala aukera dute ordurako.
Atzo, urtarrilaren 21ean, bildu ziren Lehen mailako lau pilotariak Daniel Ugarte frontoian, ortziralerako pilotak aukeratzeko. Frontoi azkarra dela kontuan hartuta, horretara egokituko diren pilotak aukeratu zituzten lauak ere. Julen Martijak aipatu bezala, eta bertze hiru pilotariek berretsi zuten moduan ere, “pilota azkarrak aukeratu ditugu, lurretik ibiltzen direnak bote handirik gabe”. Jon Ander Albisuk gaineratu zuen, “frontoi azkarra denez, pilotak ere antzekoak ziren dena. Azpitik etorriko direnak dira eta beraienak ere antzekoak direnez, alde horretatik ez da arazorik egonen”.
Albisuk berak bostgarren edo seigarren aldia izanen du Hendaiako frontoian jokatzen, eta hirugarren aldia izanen da bere bikotekide den Jon Ander Peñarentzat ere. Albisuk erran zuenez, “ondo joan zait beti hemen eta ea oraingoan ere horrela den”. Gauza bera azpimarratu zuen Peña II-ak, berarentzat ere “frontoi ona” dela alegia. Biak ere gakoa “iniziatiba eramatean” egonen dela onartu zuten. Albisuk gaineratu zuen “hotz hasten bazara zailagoa da eta betikoa, erregalo guttien egiten dituen bikoteak partida aurreratua izango du eta horretan saiatuko gara”.
Bikote hau azken partida irabazita dator eta ongi irabazita gainera, Laso eta Iztueta liderrei irabazi baitzieten pasa den asteburuan. Peña II-ak aitortu du “azken puntuak ikaragarri balio” duela eta “gehiago balioko duela asteburu honetan ere irabazten badugu, arnasa har dezagun”. Albisuk ere gauza bera aipatu du, “azken partidetan ondo aurkitu gara, bikote bezala sendoago aritu gara eta ea honi eusten diogun”. Etxeberria eta Martija sailkapeneko azken postuan daude eta horri buelta ere eman nahiko diotela ziur dute euren aurkariek. Horregatik beragatik, “partida gogorra” izanen dela iritzi du Peña II-ak eta “dena eman beharko” dutela irabazten saiatzeko.
Peio Etxeberriak eta Julen Martijak estreinakoz jokatuko dute Daniel Ugarte frontoian. Biak ere “pilotaleku azkarra” dela azpimarratu zuten, baina “polita dela” eta beraz, gogoz daudela giro onean bertan jokatzeko. Azkenak dira sailkapenean momentuz, eta Etxeberriak onartu duenez, “guretzat lau partida hauek finalak dira eta heldu den hau ere oso inportantea da”. Martijak gaineratu du partida zaila izanen dela, baina presiorik gabe jokatzen saiatuko direla: “Partida zaila daukagu, irabaztetik datoz eta partida ona egin zuten gainera, batez ere Albisuk. Horrela jokatzen duenean zaila da aurre egitea. Presiorik gabe jokatuko dugu, disfrutatuz, eta ea ondo moldatzen garen partida on bat egiteko”.
Ortziralean, urtarrilaren 24an, ospatuko da Bixintxo pilota jaialdia eta bi bikote hauek izanen dira aurrez aurre. Lehia borrokatua eta polita ikusteko aukera izanen dute bertaratzen direnek, pilotarientzat ere final baten moduko partida izanen delako.