CIUDAD REAL IZANEN DA BIDASOAREN AURKARIA ERREGE KOPAKO FINAL LAURDENETAN
Maiatzaren 31n ospatuko da neurketa Jaengo Olivo Arenan
Bidasoa Irunek ID Energy Caserio Ciudad Real taldearen kontra jokatuko du 2023/2024 Errege Kopako final laurdenak maiatzaren 31n, ortzirala, Jaengo Olivo Arenan. Zozketa atzo eguerdian egin zen Andaluziako hirian, Julen Aginagalde CD Bidasoako kirol zuzendaria eta lehen taldeko Gorka Nieto kapitaina eta Jacobo Cuetara entrenatzailea bertan zirela.
Maiatzaren 31n ospatuko da Bidasoa eta Ciudad Real taldeen arteko neurketa, Errege Kopako final laurdena izanen dena. Zozketa bidez erabaki da aurkaria eta kanporaketa hau gaindiuz gero, Bidasoak Barça eta Frigoríficos del Morrazo partiduko irabazlearen kontra jokatuko luke Errege Kopako finalerdietan. Koadroaren bertze aldetik, BM Logroño La Rioja eta Fraikin BM Granollers izanen dira aurrez aurre, baita Bathco BM Torrelavega eta REBI Balonmano Cuenca.
Bidasoa Iruneko teknikariak, Jacobo Cuetarak, aipatu du Bidasoako klubarentzat "oso garrantzitsua da Espainiako eskubaloiaren momentu handietan egotea. Europako plaza bat bilatzeko presiorik gabe egongo gara Errege Kopa honetan, badaukagulako". Final laurdenak irabaziz gero, Bidasoa Irunek Barça-Frigoríficos del Morrazo partiduko irabazlearen kontra jokatuko luke, eta Cuetarak onartu duenez, "denek nahi zuten koadroaren beste aldetik egon", Plenitude Ligako txapelduna saihesteko. "Etorkizunean Barça tokatzen bazaigu, beti saiatu garen bezala saiatuko gara, baina lehenik eta behin final laurdena irabazi behar dugu. Partida bakoitza mundu bat da eta lehenik eta behin final laurdenak irabazi behar dira”, gaineratu du.
Bertzalde, Bidasoa Iruneko kapitainak, Gorka Nietok, ID Energy Caserío Ciudad Real taldearen arriskuaz abisatu du, Liga Plenitudeko hiru talde kanporatu baiditu, hala nola Blendio Sinfín, Recoletas Atlético Valladolid eta Ángel Ximénez Puente Genil. "Nahikoa meritu egin du Errege Kopa honetan egoteko. Esperientziaz ikusi dugu Zilarrezko taldeak gogor ari direla. Fundación Agustinosen aurkako partida ere zaila izan zen, badakigu edozein partida zail daitekeela". Hala ere, Nietok Bidasoa Irunek denboraldi honetan egindako lan ona azpimarratu du: "Gure jokoa egiten badugu eta gure aldetik dena jartzen badugu, Errege Kopa honetan aukerak izan ditzakegu".