CHAMPIONS LEAGUEKO ARERIOAK EZAGUTZEN DITU LEKAENEAK
Datorren denboraldian Lekaenea klubeko emakumezkoen eta gizonezkoen taldeak Europan barrena arituko dira Mahai Teniseko Champions Leaguean lehaitzen
Lekaenea klubeko bluegoak sutan ibili dira azken asteetan Champions Leaguea jokatzeko baimena lortzeko helburuan. Behin bi taldeen konfirmazioa eskuan izanda, asteburuan Luxenburgon ospatutako zozketan datorren denboraldian Sonia Etxazarreta Kirol Gunea bisitatuko duten taldeen izenak ezagutu zituzten.
Emakumezkoen taldeari dagokionez, Linz AG Froschberg austriarrak eta SKST Stavoimpex Hodonin txekiarrak izango dituzte arerio. Linz AGek 22.000 puntu baino gehiago ditu ranking mundialean eta hiru jokalari bikain ditu bere plantelean, Sofia Polcanova, Wai Yam Minnie Soo Hong Kongdarra eta Linda Bergström sueziarra. Adibide gisa, Polcanova ITTF rankingeko 16.postuan hasi zuen urtea eta 2018ko Europako Txapelketan final erdietara iritsi zen; Soo ere ez da atzean geratzen, Binakako Munduko Txapelketan brontzezko domina lortu zuen eta gaur egun ITTF rankingeko 36.postuan kokatuta dago. Talde txekiarrak 7.000 puntu ditu rankingean, hori bai, maila handiko bi mahai tenislari dauzka bere taldean: 57.postuan dagoen Wing Nam Ng eta 68.postuan dagoen Natalia Partyka.
Gizonezkoen kasuan multzo gogorra tokatu zaio, Fakel-Gazprom Orenburg errusiarren, Post SV Mühlhausen 1951 e.V. alemaniarren eta VS Angers TT frantziarren aurka lehiatuko dira. Oso talde gogorrak dira hirurak eta Mahai Tenisean gorengo mailan dabiltzan jokalari ugari ikusteko aukera izango da aurten Sonia Etxazarreta Kirol Gunean. Horien artean, Dimitrij Ovtcharov eta Vladimir Samsonov nagusitzen dira. Ovtcharovek 2008an, 2012an eta 2016ean Olinpiar Jokoetan dominen bat lortzeko gaitasuna izan zuen. Bestetik, Samsonov rankingeko 18.jokalaria da eta bere horretan Europako 19 domina ditu. Bi jokalari hauetaz gain, rankingeko 34.na den Marcos Freitas, duela gutxi binakako Munduko Txapelketan txapeldunorde bilakatu zen Ovidiu Ionescu eta rankingeko 78.na den Jon Persson ikusteko plazerra egongo da.