CD BIDASOAREN HARROBIKO ZORTZI JOKALARI EUSKADIKO SELEKZIOAREKIN IZAN DIRA

2024/01/10
CD BIDASOAREN HARROBIKO ZORTZI JOKALARI EUSKADIKO SELEKZIOAREKIN IZAN DIRA

Urtarrilaren lehen astean Katalunian jokatu den Espainiako Selekzio Autonomikoen Txapelketan hartu dute parte

CD Bidasoaren harrobiko zortzi jokalari izan ziren urtarrilaren lehen astean (urtarrilaren 2tik 7ra) Espainiako Selekzio Autonomikoen Txapelketan (CESA) parte hartzen, Euskadiko selekzioaren kamiseta jantzia zutela. Horien artean egon ziren Imanol Lopetegui infantila, Iker Gonzalez eta Unai Barreto kadeteak eta Unax Berges, Sergio Uruñuela, Leni Gey-Emparan, Jon Urtizberea eta Oihan Arruti jubenilak.

Imanol Lopeteguiren infantil mailako taldeak bostgarren postua eskuratu zuen lehiaketan. Jokatu zituzten partiduen artean, Nafarroari irabazi zioten bigarren jardunaldian, 35-23ko markagailuarekin, Lopeteguiren 12 golekin. Hirugarren jardunaldian ere, Balear Uharteak garaitu zuten, 17-32ko emaitzarekin, eta Bidasoako jokalariaren 5 golekin. Erdiko faseko lehen jardunaldian, Kantabriari irabazi zioten (31-22), eta zortzi gol sartu zituen Lopeteguik. Bigarren fasean berriz, final laurdenetan, Andaluziaren kontra porrota jaso zuten (30-24, 10 gol), finalerdietan ere Galiziaren kontra galdu zuten (39-22, 5 gol), eta azkenik, 5. eta 6. posturako lehian, Euskadik nafarroa garaitu zuen, 29-25ko emaitzarekin eta Lopeteguiren 7 golekin.

Kadete mailan berriz, Euskadiko selekzioak laugarren postua eskuratu zuten. Lehen partidua Kantabriaren kontra jokatu zuten, eta 39-32ko emaitzarekin irabazi zuen Iker Gonzalez eta Unai Barretoren taldeak, lehenaren gol batekin eta bigarrenaren 12 golekin. Hirugarren jardunaldian ere, garaipena eskuratu zuten Extremaduraren kontra, (24-47, Gonzalezen 3 eta Barretoren 7 golekin hurrenez hurren). Erdiko faseko lehen jardunaldian Asturias garaitzeko gai izan ziren (25-30, Gonzalezen 2 eta Barretoren 12 golekin). Final laurdenetan, Gaztela eta Leon selekzioaren kontra irabazi zuen Euskadik (32-38, Barretoren 11 golekin). Finalerdietan berriz, Nafarroaren kontra galdu zuten (36-33, Gonzalezen 2 eta Barretoren 12 golekin). Eta azkenik, hirugarren eta laugarren posturako lehian, Madrilen kontra galdu zuten, 34-41eko emaitzarekin, eta Gonzalezen 3 eta Barretoren 10 golekin.

Azkenik, jubenil mailako taldeak ere laugarren postua eskuratu zuen txapelketan, eta bertan izan ziren Unax Berges, Sergio Uruñuela, Leni Gey-Emparan, Jon Urtizberea eta Oihan Arruti. Gaztela eta Leon garaitu zuten lehenik, 27-28ko markagailuarekin (Arrutik 2 gol, Bergesek 6 eta Gey-Emparanek 4). Kataluniaren kontra berriz, bigarren jardunaldian, porrota jaso zuten, 36-23ko emaitzarekin (Uruñuelak gol bat, Bergesek 3 eta Urtizbereak 2). Eta hirugarren jardunaldian ere galdu egin zuten Valentziaren kontra, 30-29 (Uruñuelak 3 gol, Bergesek 5 eta Gey-Emparanek 4). Final laurdenetan berriz, Asturias garaitu zuten, 27-37ko emaitza zabalarekin (Arrutik gol bat, Bergesek 3 eta Gey-Emparanek 1). Finalerdietan Kataluniak berriz ere garaipena eskuratu zuen Eukadiren kontra, 39-34ko markagailuarekin (Uruñuelak 3 gol, Gey-Emparanek 1 eta Urtizbereak 5). Eta azkenik, hirugarren eta laugarren posturako lehian, Valentziaren kontra galdu zuten gol bakarrarengatik, 31-32 hain zuzen, (Uruñuelak 2 gol, Bergesek 5, Gey-Emparanek 3 eta Urtizbereak 5).

Emaitza hauek ikusita, baita CD Bidasoaren harrobiko jokalarien partehartze zabala ikusita, klubetik zorion hitzak eskaini dizkiete jokalari gazteei, Irungo harrobiaren balioa erakutsi baitute bertze behin.