CD Bidasoak sei jokalariei berritu dizkie kontratuak
CD Bidasoak lehen taldeko sei jokalariei kontratuak luzatu dizkietela jakinarazi du. 2025/2026 denboraldiari begira, “Tito” Diazek, Iñaki Caverok, Matheus da Silvak, Esteban Salinasek, Jakub Skrzyniarzek eta Julen Mugikak talde horian lehiatzen segituko dute.
Alberto “Tito” Diazek 2026ko ekaina bitarte segituko du taldean
Alberto “Tito” Diazek 2026ko ekainaren 30era bitarte luzatu du CD Bidasoarekin duen kontratua. 2023/24 denboraldiak ailegatu zen madrildarra Irunera, BM Guadalajara taldetik. Guztira, 30 partidu jokatu ditu horiz jantzita eta 65 gol sartu. 2024/25 denboraldi honetan, lotailu gurutzatuko lesio bat pairatu ondotik, ezin izan du urtea estreinatu.
Julen Aginagalde CD Bidasoako kirol zuzendariak Tito Diazen kontratua berritzea baloratu du: "Lesioa izan zuen lehen unetik ikusi genuen beharrezko berritzea. Familia bat garela erakusten dugu. Gainera, lesioaren unean denboraldi-aurre oso ona egiten ari zen, ziur gaude datorren denboraldian asko emango digula”.
Iñaki Caverok bi denboraldi gehiago emanen ditu Artalekun
Iñaki Caverok 2027ko ekainaren 30era arte luzatu du bere kontratua. 28 urteko irundarrak, eta Bidasoako harrobiko jokalariak, 2013/14 denboraldian egin zuen lehen taldearekin debuta. Guztira, hamar urte hauetan, 254 partidu ofizial jokatu ditu ASOBALen eta 659 gol sartu.
Julen Aginagalde CD Bidasoako kirol zuzendariak Iñaki Caveroren kontratua berritzea baloratu du: "Berrikuntza oso garrantzitsua da guztiontzat, txikitatik klubean dagoen jokalaria izanik. Cavero Bidasoaren ikurra da, urte asko daramatza lehen taldean. Beste bi urtez gurekin jarraitzea albiste ona da”.
Matheus da Silva ere bertze bi urtez arituko da Bidasoan
Matheus da Silva brasildarrak 2027ko ekainaren 30era arte luzatu du Bidasoarekin duen kontratua. 26 urteko jokalaria orain dela sei denboraldi allegatu zen Artalekura eta, urte guzti hauetan, talde horiaren defentsarako zutabea izan da.
CD Bidasoako Kirol Zuzendariak oso positiboki baloratu du Matheusen kontratua berritzea: "Oso berrikuntza garrantzitsua da, batez ere defentsan, gure defentsaren zutabeetako bat baita. Beste une batzuetan beste liga batzuetara joateko asmoa izan du, baina Klubaren proiektuarekin bat dator, eta oso pozik, hemen jarraitzea erabaki duelako”.
Esteban Salinasek 2027ra arte segituko du talde horian
Esteban Salinasek ere bertze bi denboraldiz segituko du CD Bidasoan. Guztira, hamaika denboraldi eman ditu ASOBALen eta horietatik lau horiz jantzita. Julen Aginagalde CD Bidasoako Kirol Zuzendariak Esteban Salinasen kontratua berritzea baloratu du: "Albiste ona da klubarentzat, beti dena ematen duen jokalaria da, eta, gainera, jokatzeko duen moduagatik beti harmailekin konektatzen du. Batez ere, erasoan asko ematen dio taldeari. Berak ere jarraitu nahi zuen, beraz oso pozik gaude".
Jakub Skrzyniarzek bertze bi urtez luzatu du bere kontratua
Jakub Skrzyniarz atezainak 2027ko ekainaren 30era arte luzatu du bere kontratua. 2022/23an ailegatu zen Irunera eta hiru denboraldi eman ditu Artalekun jokatzen. Momentu honetan, geldirik dago bi arritmia jasan baititu aurten, horietako bigarrenean ospitalera eraman behar izan ziotelarik. Proba diagnostikoak egin ondoren, aurikular fibrilazio bat objektibatu da, eta ebakuntza kirurgikoa (ablazioa) behar da behin betiko konpontzeko. Operazio horrek aldez aurretiko prestaketa hasi behar du, eta urtarrilaren erdialdean ebakuntza egitea aurreikusi dute. Ebakuntza osteko bilakaerak talde- eta lehia-jarduerari berrekiteko epeak baldintzatuko ditu.
Julen Aginagaldek honela baloratu du Skrzyniarzen kontratua berritzea: "Guretzat berrikuntza ezin hobea da, atezain postua funtsezkoa da eskubaloian, eta berrikuntza honekin oso ondo estalita uzten dugu. Jakubek beti izan ditu beste liga indartsu batzuetara joateko aukerak, baina gurekin gustura eta 2 urtez berritu izana oso positiboa da".
Julen Mugika jokalari gazteak ere Bidasoan segituko du hiru denboraldiz
Julen Mugikak kontraturik luzeena sinatu berri du Bidasoarekin. 2028ko ekainaren 30era arte luzatu du errenteriar gazteak talde horiarekin. 2021/22 denboraldian egin zuen debuta ASOBAL Ligan. Julen Aginagalde CD Bidasoako Kirol Zuzendariak honela hitz egin du: "Beste urte bat geratzen zitzaion (2025eko ekainera arte), baina kontratu hori 2 urte gehiago luzatzeko akordio batera iritsi gara. Eskuin albokoa betetzeko postu zaila da, eta etxeko norbait hor lehiatzeko aukera izatea albiste ona da guretzat. Oso positiboa Julen pozik egotea eta gurekin jarraitu nahi izatea".