C.D. BIDASOAK SABINO ARANA FUNDAZIOAREN SARIA JASO DU
Atzo eguerdian jaso zuen Bidasoa Klubak Sabino Arana saria Bilboko Arriaga antzokian ospatu zen ekitaldian
Sabino Arana Fundazioak, aurtengo XXXIII. edizioan, C.D. Bidasoari eman dio kirolaren saria, kluba sortu zenetik egindako ibilbidea goraipatzeko eta lortutako guztia omentzeko asmoarekin. Atzo banatu zituzten sariak Bilboko Arriaga Antzokian, eguerdiko 12etan, antolatutako ekitaldian, eta bertan izan ziren Gurutz Aginagalde, Bidasoako presidentea, eta Julen Aginagalde eta Jon Azkue jokalariak.
Gurutz Aginagaldek, saria jasotzerakoan egin zuen hitzaldi laburrean eskerrak emateaz gain, gogora ekarri zituen klubaren sortzetik orain arte Bidasoarengatik lan egin duten pertsona guztiak: “Jose Miguel Arana sortzailetik hasita, gaur egungo estruktura osatzen duten pertsona guztietara iritsi arte. Garai loriatsuen lemazain izan ziren Beñardo Garcia ohorezko presidente eta Juantxo Villarreal entrenatzaile gogoan hartuta, baina baita lema horri ekaitzaren erdian eutsi zion Jose Angel Sodupe buru zuen giza-talderaino”. Izan ere, guzti hauei esker, Bidasoa "gure kirolaren klub historiko bihurtu da, Europako Txapeldunen Liga irabazi duten 15 taldeetako bat”, gaineratu zuen Aginagaldek.
Gaur egun ere, klubak bizirik jarraitzen duela azpimarratu zuen: “Katea ez da eten eta gero eta sendoago dago. Gipuzkoako, Bizkaiko, Arabako eta Iparraldeko jokalariak ditugu gure harrobian lanean eta gure lehen taldeak berriz ere herri honen izena Europan barrena darama”.
Azkenik, saria “momentu gozo batean” iristen dela aitortu zuen, eta oso pozik jaso dutela klubaren sei hamarkadako ibilbideari egiten zaion aitortza hau: “Oso pozik gaude, harro, sari oso prestigiotsua da. 60 urte hauetan gorabeherak izan dira, momentu onak eta ez hain onak, baina gaur egun Bidasoa dagoen lekuan egoteko, momentu guzti horiek pasatu behar izan ditugu eta azkenean denak gara horren parte. Guztiok lan egin behar dugu momentu onetan eta txarretan honaraino iristeko. Orain ilusioz gaude etorkizunari begira, lan egiteko gogoz”.