Burua tente itzuli da Hendaia Donibanetik

2016/03/21

DONIBANE LOHIZUNE: J. Iturriria - Miura, Ducoté, Irazoqui, Bordagaray - X. Iturriria, Alliot - Juanicotena, Soucaze, Elissalde - Elgoyhen, Valdes - Dupont, Hiriart-Urruty, Etcheverry.
Aldaketak: Ibarburu, Tescher, Paillard, Goya, Castet, Deliart, Lopez-Herrero.
HENDAIA: Bainçonau - Jaubert, Azpeitia, Gaillardet, Sallaber - Jimenez, Laurent - Le Calvez, Garayar, Labéguerie – Vial, Sallenave - Imaz, Berho, Larribe.
Aldaketak: Dudicourt, Hiriart, Moulay, Ezpeleta, Danjou, Mahé, L. Mondela.

Donibane Lohizunen jokatutako derbia galdu zuen igandean Hendaiak. Itxura ona eman zuen ordea, eta defentsako bonusa eskuratu zuen ordainetan. Ikusmira handia sortu zuen norgehiagokak, 2.500 zale baino gehiago bildu baitziren Kechiloa estadioan. Lesioek baldintzatutako hamabostekoa zelairatu zuten xuriek, baina bizilagunei gogor aurre egin zieten. Kosta zitzaien, dena den, Donibaneren maila berean jartzea, 16-6 galtzen ari baitziren atsedenaldian.

52.ean, 16-13ra hurbildu zen Hendaia, Berhoren entsegu bati esker. Bizilagunak estutzen momentua izan zen Hendaiarentzat, baina ez zuen baliatu. Etxekoek kolpe gogorra eman zioten bost minutu beranduago, beste entsegu batekin garaipena bideratzeko. Xuriek azken ahalegina egin zuten, aldea murriztu eta defentsako puntua lortzeko. Liga bukatzeko hiru jardunaldi falta dira, eta Hendaia hirugarren postuan dago, bosgarrenarekiko hamahiru puntuko abantailarekin. Fase finalean dute burua xuriek.