Burua altxatu du Bidasoak
BIDASOA: Zubiria, Vazquez, Martínez (1), Kauldi (4), Muiña (5), Davidovic (2), Azkue (1). Dejanovic, Cavero (4), Crowley (7), Beltza (2), Portero (1), Villar (3), Bezbradica (2), Mouriño.
COVADONGA: Martínez, Pérez (3), Alexis Fernández (1), álvarez (2), Paraja (4), Pablo Fernández, Carlos Manuel Rodríguez (7). álvarez, Fernando López, Santos, Juan López, Adam Díaz, Jose Luis Rodríguez.
MARKAGAILUA: 1-3, 4-3, 6-5, 11-6, 14-6, 16-8 (atsedenaldia); 20-9, 20-11, 22-13, 25-16, 29-17, 32-18.
Duela bi aste Octavioren aurkakoan hondoa jo ondoren, irribarrea berreskuratu du Bidasoa-Irunek. Alcobendasen irabazi zuen joan den astean, eta Covadonga mendean hartu du oraingoan. Artalekura bueltatu da Irungo taldea, eta oso bestelako itxura eman du. Defentsan gogor aritu da Bidasoa. Dena den, beste hainbeste egin du Covadongak, eta estu hartu du etxeko taldea lehen minutuetan. 1-3ko aldea lortu du talde asturiarrak laster.
Hurrengo hogei minutuetan, ordea, neurketaren agintea hartu dute bidasoarrek. Eskuin hegalean topatu dute Covadongari min egiteko aukera. Cavero eta Kauldi gazteak izan dira goleatzaileak, irundarra hegalean eta zumaiarra lateralean. 7-5etik 13-6ra eraman dute markagailua bien artean. Hutsartea eskatu du kanpoko entrenatzaileak, hutsune hori estaltzeko intentzioarekin. Hurrengo bi golak ordea, beste aldetik sartu ditu Crowleyk.
Bigarren zatiaren hasieran intentsitateari eutsi dio Bidasoak. Hamaika goleko aldea ere lortu du horrela. Jokoaren mailari dagokionez behera egin du tarteka talde irundarrak, baina orokorrean, kontrolpean eduki du norgehiagoka. Covadonga taldeko jokalari beteranoek nekea nabaritu dute amaiera aldera, eta etxekoek abantaila handitzeko baliatu dute aukera. Azken hamar minutuetan, kontraerasoan sartu ditu Bidasoak gol gehienak. Jarrerari dagokionez itxura ona eman du Artalekuko taldeak, amaierara arte sendo jarraitu baitu defentsan.