Bukatu da Hondarribiaren bolada
Elgoibarren galdu du larunbatean Ohorezko Erregionaleko Hondarribia Futbol Elkarteak (2-1). Porrotarekin, amaitu zaio azaroko menderaezintasuna. Hiru neurketa irabazi eta beste bat berdindu du Mikel Llorenteren taldeak aurreko jardunaldietan. Zelaian menderatzeaz gainera, sailkapenean ere aurrea hartu dio Elgoibarrek Hondarribiari. Berdeak zortzigarren postuan daude orain, 18 punturekin. Igande goizean Lesakako Beti Gazte hartuko dute, Hondartza futbol zelaian (11:00).
Real Union Bk Ostadar mendean hartu du, Stadium Galen (2-0). Lasarte-Oriako taldearen gorakada eten du, eta sailkapenaren erdiko tropelean sartu du. Zarautz bosgarrena da, 19 punturekin, eta Touring hamaikagarrena, 16rekin. Bi talde horien artean daude Elgoibar, Ostadar, Hondarribia, Real Union B eta Aloña Mendi. Larunbat arratsaldean Ordizian jokatuko du filial txuribeltzak (16:00).