Boteluze ikastaroko bigarren saioa ospatuko dute gaur Beran
Beharbada erran genezake esku-pilota modalitate zaharrenetariko bat dela boteluzea. Joko zuzena dugu: bi talde aurkariak zelai batean elkarren parean aritzen dira. Ez dago paretarik, eta zentzu batzuetan, ezta mugarik ere. Izan ere, ezaugarri berezi ugari dituen jokoa da eta horrek piztu zuen interesa Bortzirietako Pilota Elkartean honen inguruko ikastaroa antolatzeko. Gainera, inguruan bazeuden aurrekariak; Baztanen eta Lapurdine erraterako taldeak bazeuden eta Euskal Herri mailan herrialdeka ere jokatzen dira txapelketak.
Pilota eskolako kide den Oskar Goñik azaldu digu Baztanen laxo-jokoa bizi-bizi egotea indar bat izan dela hau dena sortzerako orduan “bi jokoak senideak direlako, joko eta araudi antzekoak dituztelako, nahiz eta laxo-jokoan laxoa bera den erabiltzen den den erreminta eta boteluzean pilota goxoarekin aski den”.
Abenduaren 6an egin zuten lehen saioa eta egiazki ez zuten saio bakarreko ikastaro moduan aurerikusi boteluzearena. Bide bat ireki nahi izan zuten, eta pausuan-pausu ikusi noraino heldu zitezkeen. Oinarrizko ezaugarriak ezagutu, arautegia barneratu eta jokorako tartea izan zituzten lehen saioan, eta bide horretan segitu nahi dute bigarren saioan bertan ere. Jlehendabizikoan izan direnak eta agertzea posible ez ez zutenak ere, denak izanen dira ongietorriak.
“Taldekako jarduna izatea birtute nagusiena dela” aitortu digu Goñik, talde giroa sortzeak edozeinek jokatu dezakeela ekartzen baitu. Postuen arabera indar eta ardura ezberdinak hartzen dira, eta beraz, bakoitzak bere lekua topa dezake. Gainera, generoari erreparatuta neska-mutikoak elkarrekin aritzea eskaintzen duen modalitate bat da, eta leihara eta elitera bideratzen den kirola gailentzen den garai hauetan horretan indarra jartzea garrantzitsua ikusten dute.
Saran, Senperen, Oiartzunen… inguruko herrietan badaude boteluzean aritzen diren taldeak eta beraz honek ere bide bat ireki dezake herrien arteko harremanak sendotu eta aldi berean aukera berriak sortzeko. Garrantzitsuena hori da: zelaian denentzako lekua egotea.