Bost jardunaldi daramatza Leka Eneak galdu gabe

2017/02/01
Bost jardunaldi daramatza Leka Eneak galdu gabe

Segidan lortutako bosgarren garaipena erdietsi du Gizonezkoen Superdibisioan ari den Leka Eneako taldeak. Sevillan irabazi zuen larunbatean, Hispalisen aurka (2-4). Endika Diez, Jaime Vidal eta Dorde Borcic izan ziren Irungo taldearen ordezkariak. Garrantzi handiko garaipena izan zen, hurrengo jardunaldian, erronka zaila izango baitute urdinek. Cartagena liderra hartuko dute ostiralean Sonia Etxazarreta teknifikazio zentroan (18:30). Sailkapeneko bosgarren tokian dago Leka Enea, eta hiru puntuko aldea du zazpigarren sailkatuarekiko.

Emakumeen Superdibisioko taldeak denboraldiko irteera zailenetarikoa eduki zuen larunbatean. Balaguer hirugarren sailkatuaren etxean galdu zuen, 4-1. Sara Martinezek, Maialen Iriartek eta Jin Zhangek osatu zuten taldea. Hurrengo jardunaldian ere etxetik kanpo ariko dira emakumeak, baina sailkapeneko azkenarenean, oraingoan. Valladoliden jokatuko dute, larunbatean 19:00etan, Vasa Arroyoren kontra.