BOST EDOTA ZAZPI JOKALARIREKIN, BIDASOA NAGUSI
Balonmano Ciudad de Logroñok ezin izan du C.D. Bidasoak inposatutako erritmoa jarraitu eta bi puntuak ez dira Irundik mugitu (31-29).
Leonen jasotako kolpea kitatu du C.D. Bidasoak. Jon Azkuek jokatu ez duen egunean, Logroño bezalako talde baten aurka 60 minutu sendo egin eta bi puntu baliotsu eskuratu ditu EH F European Leagueko ibilbidea hasi aurretik. Sierra atepean eta Julen Aginagalde eta Adrian Fernandez erasoan izan dira irundarren jokalari garrantzitsuenak.
Lehen zatiak fase ugari izan ditu. Lehenean, C.D. Bidasoa argi nagusitu da. Bikain ekin dio neurketari eta 2-0 lehen errenta eta gero, Caveroren bi golek 9-4 aurretik jarri dute etxeko taldea. Rubiñok mantendu du Logroño bi minutuko zigorrak iritsi diren arte. C.D. Bidasoa birritan bi jokalari gutxiagorekin jokatu eta Logroñok baliatzen jakin du. 0-7 partziala jasan du talde irundarrak, Dutrak hartu du errioxarren gidaritzapena eta 14-15 aurreratu dira. Neurketa minutu batzuk gelditu behar izan da, Artalekuko harmailak bat-batean hoztu dira zale batek epilepsia kasua jazo duenean; denon onerako, berreskuratu da pertsona klatetua eta norgehiagokak aurrera egin du.
Neurketa berrekin da eta talde irundarrak zazpi jokalarirekin jokatu duenean, 3-0 partzialarekin erantzun dio Logroñori. Neurketako agintea berreskuratu du Bidasoak, baita markagailukoa ere. Sierrak mantendu du lehen zatian C.D. Bidasoa eta Riverok jaurtitako azken segunduko jaurtiketari emandako erantzunarekin, 18-17 aurretik joan da aldageletara Jacobo Cuetararen taldea.
Adrian Fernandez eta Kauldiren golek ireki dute bigarren zatia eta 21-18 ezarri dute markagailuan. Lehen zatiaren antzera, ondo hasi du bigarrena C.D. Bidasoak eta minutuak aurrea egin duten heinean, markagailuko aldea areagotzen joan da. 25-20 aurretik jarri da talde irundarra, baita 27-21 ere, Julen Aginagalderen 6 metroko lana bikain landu du C.D. Bidasoak. Logroñok, ordea, ez du neurketa galdutzat eman eta gogotik saiatu da markagailua iraultzeko. Gertu ibili da, gol batetara gerturatzeko aukera ere izan du, baina Sierrak Cadarsoren kontraerasoari erantzun bikaina eman dio eta neurketa erabakita utzi du (31-29).
Fitxa teknikoa
31 - Bidasoa Irun (18+13): Sierra, Cavero (4, 2 p.), Zabala (1), Salinas (6), Tesoriere, Da Silva, Rodríguez (2); Ledo, Ugarte (3), Furundarena, Kauldi (3), Aginagalde (3), Nieto (2), García (1), Fernández (5, 2 p.).
29 - Logroño La Rioja (17+11): Pérez, Rivero (3), Casado (3), Rubiño (6), Moreira (1), David Cadarso (2); Markelau, Dutra (5, 1 p.), El Korchi (1), Serradilla (1), Rodríguez (1), Ortiz (1), Eduardo Cadarso (3), Kisselev (2).