BORTZIRIAK CUP TXAPELKETA OSPATUKO DA LARUNBATEAN BERAN
Txingudi Eskubaloi Taldeak antolatua, Berako Toki Ona kiroldegian ospatuko da egun osoko egitarauarekin
Txingudi Eskubaloi Taldeak Bortziriak Cup txapelketa antolatu du heldu den irailaren 14rako, Berako Toki Ona kiroldegian, Berako Udalaren eta Sastrako kirol zerbitzuen laguntzarekin. Egun osoko txapelketa izanen da eta hainbat mailatako eskubaloi partidak jokatuko dira bertan.
Goizean, Irungo Txingudiko taldeek Iruñeako Anaitasunaren kontra jokatuko dute lehenbizi. Emakumeen infantil, gizonen kadete eta emakume senior mailako taldeek jokatuko dute Iruñeako euren mailako taldeen kontra, hain zuzen ere. Arratsaldean berriz, gizonen senior mailako taldeen txanda izanen da eta bertan, lau talde desberdinek hartuko dute parte: Ordizia Eskubaloia, Urola Eskubaloia, Txingudi Goibar eta Txingudi Goser. Finalaurrekoak 15:30ean hasiko dira eta finala berriz, 19:00etan.
Finala jokatu aitzinetik, Jesus Goikoetxea Plaza omenduko dutela ere jakinarazi du klubak. Goikoetxea 80. hamarkadan hasi zen eskola-kirolean laguntzen eta ikasleak hainbat modalitatetan entrenatzen, Nafarroako Gobernuak antolatutako eskola-jokoetan parte hartuz. Saskibaloiko eta eskubaloiko entrenatzaile titulua lortu zuen. Ondotik, eskolarteko jokoak amaitzean, taldea sortzeko nahia egon zen eta horrela, Gipuzkoan lehiatzen zen Bortziri talde federatua sortu zen. Eskubaloia ezagutu nahi zuten guztiei hurbiltzeko asmoz, gazte aunitz entrenatu zituen, 1994-95 denboraldira arte.
Klubetik Jesus Goikoetxearen lana aitortu nahi dute eta esker oneko keinu ttiki bat eduki, “zalantzarik gabe, eskuzabaltasunaren, emanaldiaren eta kirolarekiko pasioaren balioak ordezkatzen ditueko, oro har, eta eskubaloia, bereziki”.