Bordils ere ez da Bidasoa gelditzeko gai izan
BORDILS: Comas, Combis (3), Farrerons, Ferrer (2), González, Huix, Márquez, Masmiquel (1), Maso (2), Moreno, Nono (7), Pedraza, Prat (6), Reixach J. (4), Reixach F., Vilanova (1).
BIDASOA: Dejanovic, Zubiria, Azkue (6), Beltza, Bezbradica (3), Cavero, Crowley (4), Davidovic (1), Martínez (2), Mouriño (2), Muiña (2), Odriozola (5), Portero (2), Vázquez (1), Villar.
MARKAGAILUA: 2-2, 4-2, 7-6, 10-7, 12-11, 13-14 (atsedenaldia); 17-17, 20-20, 21-23, 23-25, 24-26, 26-28.
Irteera zaila izan zuen Bidasoak larunbatean. Bordilsen aritu zen, Gironan. Etxean punturik galdu gabea zen aurkaria. Baina oraingoan, lider indartsuaren aurrean belaunikatu behar izan zuen. Estu hartu zuen, hori bai. Lehen zatian gehiago izan zen Bordils. Markagailuan agindu zuen, eta hiru goleko abantailak ere lortu zituen. Fernando Bolearen hutsarte batek Bidasoa biziberritu zuen, atsedenaldirako zazpi minutu falta zirela. Tarte horretan, markagailuari buelta ematea lortu zuten horiek (13-14).
Bigarren zatia estua eta orekatua izan zen. Hamabosgarren minutuan hiru goleko aldea lortu zuen Irungo taldeak, eta ez zuen aukera alferrik galdu. Intentsitateari eutsi zion amaierara arte. Sufritu behar izan zuen, Bordilsek gol bakarrera hurbiltzea lortu baitzuen azken minutuan. Baina bi puntuak eskuratu zituen azkenean Bidasoak. Hamar bildu ditu orain arte. Jokoan egon diren guztiak. Sailkapeneko lehena da, Zamorak ere neurketa guztiak irabaztea lortu badu ere.