Bolada txarra eten du Real Unionek
REAL UNION: Otaño, Gorosabel, Azkoiti, Ekhi, Esnaola, Urkizu, Estrada (Escoruela, 88'), Arriaga (Hernáez, 70'), Rodellar, Ozkoidi (Juan Domínguez, 5'), Galán.
FUENLABRADA: Freixanet, Velasco, Jaume, Juanma (Diéguez, 64'), García, Borja (Iribas, 72'), Nana, Milla, Cristóbal, Isi (Cervero, 60'), Dioni.
GOLA: 1-0: Estrada (50').
EPAILEA: Leo Ollo. Txartel horiak: Ekhi, Juan Domínguez, Gorosabel, Galán (Real Union); Isi, Diéguez, Velasco (Fuenlabrada).
Emaitza txarren segida luzeari amaiera eman dio Real Unionek, Fuenlabrada mendean hartuta. Stadium Galeko aurreko garaipena, azaroaren 19an lortu zuten txuribeltzek, Sestao Riverren aurka. Talde sendoa zen, orduan, Real Union, eta defentsako segurtasun hura berreskuratze aldera, bost atzelari zelairatu zituen larunbatean Asier Santanak. Helburua bete zuen, Fuenlabradak ez baitzuen etxeko taldea gehiegi estutu. Erasoko jokoan, alabaina, abaguneak sortzeko zailtasunak eduki zituzten txuribeltzek.
Gol bakarra, bigarren zatiaren hasieran sartu zuen Dani Estradak. Baloia erdiratu nahi izan zuen, baina aurkari batek ukitu ondoren, sarerako bidea hartu zuen. Abantaila hartuta, atzera egin zuen Unionek, errentari eusteko asmo argiarekin. Gol aukera gutxi eduki zituen Fuenlabrada, eta ez zuen bakarra ere aprobetxatu. Hortaz, Real Unionek bildu zituen hiru puntuak. Norgehiagoka hasi aurretik, bi taldeek arrazakeriaren kontrako pankarta atera zuten, Thaylor Lubanzadio Unioneko jokalariari babesa adieraziz. Lau partidako zigorra ezarri diote Thaylorri, irain arrazistak salatu ondoren.