Bloomerri gorazarre egin diote Galen
REAL UNION: Sequeira (Artetxe, 73'), Aimar, Esnaola (Ekhi, 46'), Capelete, Hernáez, Letamendia, Gonzalez (Gayoso, 73'), Llamas, Arriaga, Orbegozo, Martins (Alonso, 46').
DERBY COUNTY: Barnes, Stabana, McDonald, Bateman (Sven Karil, 71'), Wassal, Alex Cover, Luke Thomas (Lewis Walker, 71'), Max Bird (Vernam, 60'), Zanzala (Mitchel-Lawson, 71'), Callum Guy, Alex Babos.
Steve Bloomer torneoaren lehen edizioa jokatu dute Real Unionek eta Derby Countyk Stadium Galen. Talde ingelesak irabazi du lehia, bigarren zatian sartutako golei esker. Nabarmendu, 23 urtez azpiko taldearekin lehiatu zela Derby. 1924an Real Unionek Bloomerren gidaritzapean irabazi zuen Espainiako Koparen erreplika altxa zuen Derby Countyk, Irunera hurbildutako 60 bat zaleen aurrean.
Giro eskasa izan zen Stadium Galeko harmailetan, neurketa astearte batean jokatu zela kontuan hartuta ere. Partida, aldiz, bizi-bizi hasi zen. Orain arte ligan parte hartzeko aukera handirik izan ez duten zenbait jokalari zelairatu zituen Asier Santanak, eta gogoz hasi ziren. Derby Countyk ez zuen gehiegi estutu, eta Ingalaterrako bigarren mailako taldea izanik ere, ez zen Union baino gehiago izan. Abagunerik onena, Arriagak eduki zuen, atsedenaldiaren atarian. Bere burukada atezainak urrundu zuen.
Bigarren zatia hasi bezain pronto, abantaila hartu zuen Derby Countyk, Alex Coverren golari esker. Hortik aurrera, hobeto aritu ziren ingelesak. Partidak erritmoa galdu zuen, pixkanaka, neurri batean, taldeek egindako aldaketen eraginez. 75.minutuan, berdinketa lortzeko aukera ezin hobea eduki zuen Letamendiak, Orbegozoren pasea jaso ondoren. Gora egin zuen errematea, ordea. Bost minutu beranduago, lehia erabaki zuen Lewis Walkerrek, 0-2koarekin. 90.minutuan aldea murriztu zuen Orbegozok, baina ez zen gehiagorako denborarik egon. Amaiera adierazi zuen epaileak, eta Derbyk garaipena ospatu ahal izan zuen.