BIXI-BIXI EMAKUMEEN PALA TXAPELKETA AZKARRA OSPATUKO DUTE SOROETAN
Hondarribiako Emeki Emakume Elkarteak antolatu du hitzordua, eta bortz bikotek hartuko dute parte
Azaroaren 25era begira, Emakumearen kontrako indarkeriaren aurkako egunaren harira hain zuzen, Emeki Emakume Elkarteak hainbat hitzordu antolatu ditu Hondarribian. Horietako bat larunbat honetan, azaroaren 11n, ospatuko den Bixi-Bixi emakumeen pala txapelketa azkarra izanen da. Soroeta frontoian eginen da, 10:00etatik aitzinera, eta emakumeek euren artean palan aritzea eta hortaz disfrutatzea izanen da helburu nagusia.
Bortz bikotek hartuko dute parte larunbat honetan, azaroaren 11n, ospatuko den Bixi-Bixi emakumeen pala txapelketa azkarrean. Hondarribiako Emeki Emakume Elkarteak antolatu du hitzordua, Azaroaren 25era begira, eta asteartero palan aritzen diren emakumeek eraso sexisten kontra agertzeko eginen dute.
Txapelketan denek denen kontra ariko dira. Urtean zehar egiten dituzten entrenamenduetan lortutakoa erakusteko aukera izanen da, baita euren artean kirolaz gozatzeko ere. Helburu nagusia ongi pasatzea izanen da eta asteartero egiten dituzten saioetara emakume gehiago hurbiltzea. Horretarako, lehiaketaz gain, bukatzerakoan aperitifa eginen dute bertaratzen diren guztientzat.
Soroeta frontoian ospatuko da txapelketa, larunbatean, 10:00etatik aitzinera, eta hauek izanen dira bertan parte hartuko duten bortz bikoteak: Naroa Mentaberri Zubillaga eta Xuxuna Otxoteko Zubieta, Maite Mariezkurrena Miranda eta Izaskun Amunarriz Izagirre, Ainara Garcia Cuenca eta Maider Aginagalde Ugalde, Agurtzane Berastegi Aizpurua eta Aloña Zabala Irastorza eta Itsaso Igiñiz Barrio eta Maria del Frade.