Biok Txingudik urteko lehen garaipena eskuratu zuen Plaiaundin
Txingudi Rugby Klubeko Biok Txingudik urteko lehen garaipena eskuratu zuen pasa den larunbatean Plaiaundin Iruñeako La Unica taldearen kontra. 30-12ko markagailuarekin jardunaldiko puntuak irundarrentzat izan ziren, sailkapeneko bostgarren postuan kokatzeko, hirugarren postutik puntu bakarrera.
Hasieratik eduki zuten kontrolpean neurketa Biok Txingudik taldeko emakumeek. Baloiaren jabetza ere eurena izan zen eta La Unicaren zelaian metroak irabaziz joan ziren. Lehen hamar minutuetan dagoeneko tartea ireki zuten markagailuan, Maren Santa Cruzek eta Ane Novok egindako entsegu banarekin (10-0). Hurrengo minutuetan ordea, etxekoen zigor kolpeek La Unicari abantaila eman zioten, nahiz eta ez zuten punturik batu. Horrez gain, Ane Novo gabe gelditu zen Biok Txingudi hamar minutuz, baina amore eman gabe segitu zuten eta tartean, entsegu eremutik bortz metrora melé bat eginez, Enara Arrutik bere lehen marka egiteko aprobetxatu zuen (15-0). Zigor kolpe gehiegi egiten segitu zuten mugakoek eta ondorioz, Uxune Aranburu ere kaleratu zuten aldi baterako. Hurrengo minutuetan etxekoek ez zuten defentsa ongi antolatu eta hutsune hau aprobetxatu zuten iruindarrek entsegu eremura ailegatu eta lehen puntuak gehitzeko (15-5).
Bigarren zatian, indaberrituta zelairatu zen Biok Txingudi, berriz ere bere nagusitasuna erakusteko asmoz. Horrela, aurkariaren zelaian gauzatu zuen taldeak bere jokoa eta 49.minutuan, melé baten irteeran, La Unica jokalari bat gutiagorekin gelditu zen plakaketa arriskutsu bat egiteagatik, eta hori aprobetxatuz, Enara Arrutik laugarren entsegua lortu zuen hurrengo jokaldian (20-5). Iruindarrek ez zuten amore eman eta baloia berreskuratuta, hagen artean baloia utzi zuten, 20-12koa ezartzeko. Partidua mugakoen alde bazegoen ere, Asier Gonzalezen jokalariek marka gehiago batzen segitu zuten. Lea Etxebarrietan eta Enara Arrutik, 69. minutuan eta 80. minutuan hurrenez hurren, 30-12koa ezarri zuten behin-betiko.
Garaipen honen ondotik, Biok Txingudi sailkapeneko bostgarren postuan kokatu da, hirugarrena puntu bakarrera duela. Heldu den larunbatean, otsailaren 22an, Neskak Loratzen taldea hartuko dute mugakoek berriz ere Plaiaundin, 16:00etan.
Garaipen bat eta porrot bat Iruñean Txingudiko gazteentzat
16 urtez azpiko Txingudi/Baztan taldeak Iruñaren kontra jokatu zuen asteburuan eta 10-76ko markagailuarekin irabazi zuen. Oier Oliveirak hiru eta Ibai Senar, Mattin Petrikorena, Beñat Bereau, Thiago Melerio eta Unax Lopezek entsegu bana lortu zituzten.
18 urtez azpiko Gabiria Txingudi/Bera Bera/Baztan taldeak aurkari bera izan zuen, zelai berdinean ere. Hauek ez zuten zorte bera izan eta 27-19ko emaitzarekin galdu zuten.
Azkenik, 10 eta 12 urtez azpiko Txingudi/Orereta taldeek Ordizian jokatu zuten Gipuzkoako eskolen topaketan.