Biok Txingudik Plaiaundin jokatuko du Euskadiko txapeldunaren kontra

2025/01/24
Txingudi Rugby Klubeko senior mailako emakumeek Uni Bilbo taldea jasoko dute etxean, bihar 16:00etan. Hainbat jokalarien bajak izanen badituzte ere, etxekoek ongi ikasitako lan guztia erakutsi nahi dute Plaiaundin.
Biok Txingudik Plaiaundin jokatuko du Euskadiko txapeldunaren kontra
Gaztedi RT

Euskal Ligako liderra eta gaur segundo Euskadiko txapelduna Plaiaundin izanen da asteburu honetan, Biok Txingudi taldearen kontra lehiatzeko. Txingudi Rugby Klubeko senior mailako emakumeek Uni Bilbo taldearen bisita jasoko dute bihar, urtarrilaren 25ean, 16:00etan. 

Gaztediren kontrako azken partidua espero baino gogorragoa izan zen Biok Txingudirentzat eta horren ondotik, zenbait jokalarien bajak izanen ditu taldeak asteburu honetaratko. Hala ere, prest eta gogoz daude mugakoek liderrari aitzin egiteko eta Uni Bilbo taldearen kontra beraz, lan ona egiteko. Durango edo Neskak Loratzen taldeen kontra egindako neurketa onak gogoan dituzte eta horietan erakutsitakoa errepikatu nahi dute bidasotarrek, ahalik eta zailtasun gehiago jartzeko aurkariari. 

16 urtez azpiko taldea Lasarte-Orian

16 urtez azpiko Txingudi/Baztan taldeak erronka berria izanen du bihar ere, Lasarte-Oriako Mitxelin zelaian. 9:45ean, momentu honetan bere arerio zuzena den Zarautz/Beltzak-en kontra ariko da bidasotar taldea. Mugakoak bostgarren postuan daude sailkaturik eta bi garaipen eta porrot bat eskuratu dituzte orain arte. Asteburu honetako aurkaria berriz, gibeletik dago puntu bakarrera. 

Txingudi Rugby Klubeko hamabi jokalari Gipuzkoa eta Euskadiko selekzioekin

Gipuzkoako 13 eta 14 urtez azpiko selekzioek bihar goizean entrenamendu bat ospatuko dute Errenteriako Mikel Odriozola estadioan. Bertara joateko deia jaso dute Txingudi Rugby Klubeko hamaika jokalarik: Markel Aizpurua, Aiur Callao, Telmo Bereciartua, Markel Celestino, Oier Goenaga, Oihan Sanchez, Beñat Tristan, Unai Aizpurua, Giovani Ciurar, Galder Eizagirre eta Omar El Mossaoui. 

Bertzalde, heldu den astelehenean (urtarrilaren 17an), Mattin Petrikorena mugako jokalariak ere 16 urtez azpiko Euskadiko selekzioarekin lan egiteko deia jaso du. Durangon izanen da Petrikorena selekzioarekin batera, Autonomien arteko txapelketan jokatzen Madrilgo Erkidegoaren kontrako partiduan.