Biok Txingudik Plaiaundin hasiko du denboraldiko bigarren itzulia

2025/02/21
Neskak Loratzen taldea jasoko dute etxean senior mailako emakumeek bihar (otsailaren 22an), 16:00etan. Zaisa Txingudik berriz, Uni Bilboren hirugarren taldea bisitatuko du bihar ere, 16:30ean.
Biok Txingudik Plaiaundin hasiko du denboraldiko bigarren itzulia
Yaiza Garcia

Txingudi Rugby Taldeko senior mailako taldeek bihar, otsailaren 22an, jokatuko dituzte asteburuko jardunaldiak. Biok Txingudik etxean emanen dio hasiera denboraldiko bigarren itzuliari, Neskak Loratzen taldearen kontra (16:00). Zaisa Txingudik berriz, Uni Bilboren hirugarren taldea bisitatuko du bihar ere, 16:30ean. 

Denboraldiko bigarren itzulliko lehen jardunaldia jokatuko du asteburuan Biok Txingudik Plaiaundin. Pasa den astean lortutako garaipenak bultzada ederra eman dio taldeari eta gogoz eta indarrez zelairatzeko asmoz daude. Neskak Loratzen izanen dute aitzinean mugakoek, Mungia eta Getxoko jokalariek osatutako taldea. Ligako azken postuan kokatua dago aurkaria, puntu bakarrarekin, baina bidasotarrek badakite partidua ez dela samurra izanen. Neskak Loratzen taldea lehiakorra da eta Biok Txingudik lehen itzuliko neurketan ikusi ahal izan zuen hori. Partidu berdindua izan zen ordua, nahiz eta mugakoek garaipena eskuratu azkenean. 

Biharko jardunaldia garrantzitsua izanen da bigarren itzulia behar bezala hasteko eta sailkapenean gora egiten saiatzeko. Momentu honetan, Txingudiko senior mailako emakumeak bostgarren daude sailkapenean, bederatzi punturekin, laugarren eta hirugarren sailkatuak diren Durango Ermarmotor eta La Unica puntu bakarrera dituztela. Hauek, asteburu honetan, lehen eta bigarren sailkatuek kontra ariko dira.  

Zaisa Txingudi Bilbon ariko da asteburuan

Zaisa Txingudi senior mailako gizonezkoak etxetik kanpo ariko dira asteburu honetan. Zehazki Bilbora joan beharko dira mugakoak, bertako Uni Bilboren hirugarren taldearen kontra jokatzeko. Partidu zaila izanen dela aurreikusi dute, Ligako talde indartsuenetako bat baita aurkaria. Horrez gain, belar artifizialeko zelaian jokatuko dute eta horrek beti zailtzen die jokoa mugakoei. 

Edonola ere, azken jardunaldian lortutako garaipenak indarra emanen die hauei ere erronkari aitzin egiteko. Gogoan dute, gainera, mugakoek lehen itzulian Plaiaundin elkarren kontra jokatutako neurketa. Bilbotarrek eraman zuten garaipena, nahiz eta lehen zatian parekatuak egon markagailuan. Oraingo honetan puntuak eskuratzea garrantzitsua izanen da bidasotarrentzat sailkapenean gora egiteko. Izan ere, Zaisa Txingudiren aitzinetik dauden bi taldeak, Gaztedi B eta Sortzen C, elkarren kontra jokatuko dute eta aukera ederra da mugakoentzat aurrerapausu bat emateko. 

16 urtez azpiko Txingudi/Baztanek Uni Bilbo jasoko du Plaiaundin

Senior mailako gizonezkoek aurkari bera izanen du 16 urtez azpiko Txingudi/Baztan taldeak, nahiz eta Plaiaundin jokatuko duten elkarren kontrako neurketa. Bihar ospatuko da, otsailaren 22an, 12:30ean. Gazteak bigarren fasean honetan lan ederra egiten ari dira, sei partiduetatik bortz irabazita. 

Azkenik, 14 urtez azpiko Txingudi/Orereta/Baztan taldeak lagunartekoa jokatuko du Plaiaundin ere, bihar 10:30ean.