Biok Txingudik modu ezin hobean hasi du denboraldiko bigarren itzulia

2025/02/25
Senior mailako emakumeek 41-0 garaitu zuzten Neskak Loratzen eta sailkapeneko hirugarren postura igo dira honela. Zaisa Txingudik berriz, ezin izan zuen Uni Bilboren hirugarren taldea garaitu eta 65-31ko markagailuarekin galdu zuten.
Biok Txingudik modu ezin hobean hasi du denboraldiko bigarren itzulia
Onintza Burguera

Txingudi Rugby Klubeko Biok Txingudik ederki hasi du denboraldiko bigarren itzulia. 41-0 garaitu zuen taldeak Neskak Loratzen. Zaisa Txingudik berriz, ez zuen zorte bera izan eta 65-31ko emaitzarekin galdu zuen Uni Bilboren hirugarren taldearen kontra. 

Biok Txingudik Neskak Loratzen taldea jaso zuen larunbatean etxean, eta denboraldiko bigarren itzuliko lehen garaipena eskuratu zuen honela. Azken asteburuko garaipena burutan, kontrolpean eduki zuten mugakoek partidua. Hamargarren minuturan ireki zuten markagailua eta Irati Beraizen eskutik entsegua lortu zuten (5-0). Nagusitasuna bidasotarrek zuten, baina jokoa kaotikoa bihurtu zen hurrengo minutuetan. Hala ere, Alazne Maciciorrek bigarren entsegua egin zuen eta Alba Saizek eraldatu, 12-0ekoa ezarriz. Hau guti balitz, Laida Rodriguezek eta Jessica Gomezek hirugarren eta laugarren entsegua lortu zuten. Azken hau gainera, Saizek eraldatu zuen berriz ere, 24-0ekoa eskuratuz. 

Bigarren zatian, indarrak parekatzen joan ziren, baina mugakoek puntu bat gehiago ezarri zuten jokoan. Neskak Loratzen taldeak ere gora egin zuen, baina ez zen nahikoa izan etxekoen indarra geldiarazteko. Enara Arrutik entsegu bat egin zuen, Saizek eraldatu zuena, eta ondotik, Alazne Maciciorrek eta Jessica Gomezek gauza bera egin zuten, entsegu bana eginda. Horrela, 41-0eko behin-betiko markagailuarekin garaipena lortu zuen Biok Txingudik eta puntuak irabazita, sailkapeneko hirugarren postua igo da taldea, Durangok eta La Unicak ere porrot bana jaso ondotik. 

Zaisa Txingudi punturik batu gabe bueltatu zen etxera

Zaisa Txingudik Bilbora bidaiatu zuen asteburuan, bertako Uni Bilboren hirugarren taldearen kontra lehiatzeko. Belar artifizialeko zelaia zen eta horrek bidasotarren jokoa baldintzatu zuen. Hala ere, indarrez ekin zioten partiduari, nahiz eta bilbotarrek euren kemena erakutsi eta lehen puntuak batu (7-0). Besoak jeitsi gabe lanean segitu zuten mugakoek eta neurketa bedintzeko gai izan ziren, Juan Carlos Loraren entseguarekin eta “Lutxo” Echeverriaren eraldaketarekin (7-7). Bi taldeek ere joko azkarra erakutsi zuten eta etxekoek zortea izan zuten abantaila eskuratzeko eta 19-7koa ezarriz. Hurrengo minutuetan, bigarren marka lortu zuen Zaisa Txingudik, Joao Costaren bitartez. “Lutxo” Echeverriak jaurti zuen baloia hagen artean eta 19-14koa ipini zuen, tartea txikituz. Etxeko erantzuna azkar ailegatu zen eta hiru entsegu egiteko gai izan ziren 34-14koa paratuz. Atsedenaldira bidean, bidasotarrek touch baten ondotik, Joao Costak eta Xabi Sanchezek entsegua egin eta 34-19koarekin joan ziren aldageletara. 

Bigarren zatian, jokoa parekatua egon zen, baina etxekoek hau guztia desorekatzea lortu zuten hiru entsegu eta bi eraldaketen bitartez (53-19). Zaisa Txingudik nekea somatzen bazuen ere, entsegu-eremutik gertu ateratako touch baten ondotik, Aitor Asurmendik defentsan zuloa ikusi eta laugarren entsegua lortu zuen (53-24). Hartu-emanean aritu ziren bi taldean hurrengo jokaldietan. Bilbotarrek marka berria egin bezala, bidasotarrek ere beraiena lortu zuten eta 60-31koa ezarri zuten markagailuan. Hala ere, azken minutuetan, etxekoek hamaikagarren marka egin eta 65-31ko emaitzarekin, eurena izan zen garaipena. 

Gazteek nagusitasuna erakutsi zuten Plaiaundin

16 urtez azpiko Txingudi/Baztan taldeak ez zion aukerarik eman Plaiaundin, Uni Bilbo Bri. Hasieratik nagusi izan ziren etxekoak eta kontran punturik jaso gabe, 76-0eko markagailuarekin garaipena eskuratu zuten Txingudi Rugby Klubeko gazteek.