BIOK TXINGUDIK IRUÑA RC JASOKO DU PLAIAUNDIN URTEA BUKATZEKO
Zaisa Txingudik ere etxean jokatuko du larunbatean Zornotzako Urgozo taldearen kontra
Plaiaundin hiru neurketa jokatuko dira asteburu honetan. Larunbatean, abenduaren 16an, 11:00etatik aitzinera, 16 urtez azpiko taldea ariko da eta ondotik, 14:00etan eta 16:00etan senior gizonezkoek eta emakumeek jokatuko dute hurrenez hurren.
16 urtez azpiko taldekoek irekiko dute larunbatean, abenduaren 16an, Plaiaundiko egitaraua. Gabiria Txingudi/Baztanek Hernaniren kontra jokatuko du, 11:00etan, Euskadiko txapelketa jokatzeko multzoan sartzeko helburuarekin. Izan ere, lehen fasea bukatuta, taldeak bi multzotan banatuko dira: A multzoa, Euskadiko txapeldun izan eta Espainiako txapelketara sailkatzeko balioko duena; eta B multzoa, sailkapenean kokapena zehazteko balioko duena.
Zaisa Txingudik hartuko du gazteen lekukoa, 14:00etatik aitzinera. Zornotzako Urgozoren kontra jokatuko du etxean ere, eta partidu gogor bat izanen da mugakoentzat. Izan ere, bizkaitarrek Euskal lehen mailan aritu ziren lehengo urtean eta berriz ere bertara bueltatzeko bidean ari dira aurten. Orain arteko neurketa guztiak irabazi dituzte eta Camareroren mutilek ez dute erraz izanen garaipena. Hala ere, azken partiduetan erakutsitako indarra zelairatuko dute berriz ere, goiko postuetara hurbiltzera aukera paregabe hau aprobetxatuz.
Arratsaldean berriz, Biok Txingudik Iruña RC taldearen kontra jokatuko du asteburua borobiltzeko. 16:00etan hasiko da sailkapeneko azken postuan dagoen taldearen kontrako partidua. Etxekoek garaipena eskuratu nahi dute, play off-a jokatzeko aukera edukitzen segitzeko. Lehen itzuliko azken bost jardunaldiak dituzte oraindik mugakoek jokatzeko eta goiko multzoko sailkapena hamar puntura dute.
14 eta 18 urtez azpikoak Logroñora
Txingudi Rugby Klubeko 14 eta 18 urtez azpiko taldeek Logroñon jokatuko dute asteburuan, Pradoviejo zelaian. Gazteenek Gipuzkoako Ligako lehen jardunaldia izanen dute, 11:30ean, eta aurredenboraldiko lan ona erakutsiko dute bertan. 18 urtez azpiko Txingudi/Bera Bera taldeak berriz, Euskadiko Ligako bigarren fasea jokatuko du, 13:00etan. Rioja RC taldea Gipuzkoako Federazioko kidea izan da historikoki, eta horregatik jokatzen ditu Gipuzkoako eta Euskadiko txapelketak.
Errugbi eskola Arrasaten
Txingudiko errugbi eskolak Gipuzkoako topaketa berri bat ospatuko du Arrasaten larunbatean ere. 10:30etik aitzinera, 10 eta 12 urteko taldeak ariko dira partiduak jokatzen, Arrasate/Soraluze eta Gaztediren kontra.
Aritz Arrieta berriz ere Euskadiko selekzioaren deialdian
16 urtez azpiko Euskadiko selekzioak Selekzio Autonomikoen arteko txapelketa prestatuko du abenduaren 18an Durangon. Entrenamendu bat eginen dute bertan, eta Aritz Arrieta Gabiria Txingudi/Baztan taldeko jokalariak hartuko du parte.
(Argazkia: Mikel Fraile)