Biok Txingudik garaipena erdietsi zuen Riojaren kontrako partiduan
Txingudi Rugby Klubak asteburu gazi-gozoa izan zuen pasa denean, Biok Txingudik garaipen zabala eskuratu zuen Riojaren kontra (12-47), baina Zaisa Txingudik ezin izan zuen puntuak Irunera bueltan ekarri, Gaztedi Bren kontra galdu baitzuen (40-15).
Biok Txingudik Rioja gainditu zuen azken jardunaldian, 12-47ko markagailua zabalarekin. Ezin hobeto hasi zuen neurketa, bigarren minutuan touch baten ondotik puntuak batuz. Udane Diezek lehen entsegua lortu zuen eta Enara Arrutik eraldatu, 0-7koa ezarriz. Hamaika minutu beranduago, Maren Santacruzek entsegua lortu zuen eta Arrutik, berriz ere, ostikada hagen artean pasatu zuen, 0-14koa eskuratuz. Nagusitasun berarekin segitu zuten hurrengo minutuetan ere. Udane Diezek defentsa haustea lortu zuen hirurogei metroko lasterketa egiteko, baina errioxarren plakaketa batek bere bigarren marka lortzea saihestu zuen.
Saiatzen segitu zuten irundarrek, baloiaren jabetza edukiz eta orduan, Paola Vegak lortu zuen baloia zutoinen atzean uztea, bertze bortz puntu gehitzeko Biok Txingudiren markagailura (0-19). Hau gutti balitz, 21. minutuan, Diezek bertze entsegu bat egin eta Arrutik eraldatu zuen (0-26). Rioja erantzun beharrten zegoen, partiduak guztiz ez ihes egiteko, eta zigor kolpe bat lortu zuen Txingudiren eremutik hurbil. Lehen bortz puntuak irabazi zituzten honela, atsedenaldira 5-26koarekin ailegatuz.
Bigarren zatia bide beretik joan zen. Errioxarrek defentsa lan gogorrago bat zelairatu zuten eta aukerak ere sortu zituzten, puntu gehiago irabazteko. Hala ere, bisitariak izan ziren puntuak gehitzen segitu zutenak. 40. eta 49. minutuetan, Arrutik bi entsegu egin zituen, berak eraldatu zituenak biak. Ondotik, 61. minutuan, Uxune Aranburuk bertze bat egin zuen, Alba Saizek eraldatutakoa eta 47 puntu lortuta. Tartean, 56. minutuan, Riojak entsegua eta eraldaketa egin eta 12 puntu ere batu zituen, azkenean 12-47ko emaitzarekin bukatzeko.
Garaipen honekin, taldea lehenengo postuan finkatzen da, Gaztedirekin berdinduta. Hain zuzen ere hau izanen da mugakoei hurrengo aurkaria Ligan, azaroaren 10ean.
Zaisa Txingudik ezin izan zuen Gaztedi garaitu
Zaisa Txingudik berriz, ezin izan zuen garaipenik bildu Gasteizen. Gaztedi B taldea bisitatu zuten irundarrek eta 40-15eko markagailuarekin galdu zuten hauen aitzinean. Eguraldi kaskarra eta egun euritsua izan zuten larunbatean, baina lehiatzeko prest atera ziren mugakoak Gasteizko zelaira. Partiduaren lehen minutuetan baloiaren jabetza eduki zuten Iñigo Camareroren mutilek eta jokaldiak garatzen joan ziren etxekoen zelaian. Hamaikagarren minutuan, Lucho Echevarriak berdintasuna hautsi zuen hagetara ostikatutako zigor kolpe batekin (0-3).
Bi taldeek joko berdintsua izan zuten, baina Zaisa Txingudiren ostikada sakonek etxekoen defentsan zuloak sortzen joan zen eta, 23. minutuan, Hodei Guerrerok ezker hegaletik bere marka gainditu eta, aurrelariek bi fase motz egin ondoren, hiru laurdenen pase azkarrek Pablo Besga entsegu eremura ailegatzea ahalbidetu zuen. Lucho Echevarriak ez zuen hutsik egin eta aldea hamar puntuetara handitu zuen (0-10). Gaztedik aldaketak egin zituen orduan, bere jokalarien artean, eta intentsitate aldaketa izan zuen. Aldi berean, bidasotarren diziplina okerrera joan zen eta honela, touch baten bidez, gasteiztarrak lehen marka erdietsi zuten, eraldaketa batekin (7-10). Horrez gain, lehen zatiaren bukaeran, etxekoek markagailua iraultzea ere lortu zuten, eraldatutako bertze entsegu baten bidez, 14-10ekoa ipiniz.
Bigarren zatian, kaosa izan zen nagusi Gasteziko zelaian, batez ere mugakoen jokoan azaleratuz. Gaztedik, hau ikusita, aukera aprobetxatu eta hirugarren entsegua egin zuen, aldea nabarmen handituz (21-10). Edonola ere, Zaisa Txingudik ez zuen amore eman eta, 46. minutuan, Hector Pescadorrek bigarren entsegua egin eta 21-15eko markagailua lortu zuen. Azken ordu erdian, nekea nabaritu zen bisitarien artean eta erritmoak behera egin zuen. Hodei Guerrerok jasotako aldi baterako kanporaketak eta Julen Iglesiasen lesioak ere eragina izan zuen taldekideen artean. Hamalau jokalarirekin ari zirela ikusita, gasteiztarrak hiru entsegu eta bi eraldaketa egin zituzten, 40-15eko emaitza lortuz behin-betiko.
Honen ondotik, azaroaren lehenean (ortziralean) jokatuko du Zaisa Txingudik hurrengo jardunaldia. Plaiaundin arituko da taldea, Uni Bilbo Cren kontra, 16:00etatik aitzinera.
Xabi Sanchez Txingudi Rugby Klubeko komunikazio arduradunak egin du azken partidu honen balorazioa.