Biok Txingudik ezin izan zuen Uni Bilbo liderra garaitu
Biok Txingudik denboraldiko partidurik zailena jokatu zuen pasa den asteburuan Plaiaundin. Uni Bilbo pasa den denboraldiko txapelduna eta aurtengo sailkapeneko liderra jaso zuten etxean mugakoek eta ezin izan zioten honen indarra aitzin egin. Aurten partidurik galdu gabe dagoen taldeak 0-87 garaitu zuen oraingoan ere Biok Txingudi.
Mugako jokalariek lasaitasunez jokatu nahi zuten, zalantzarik gabe, zailtasun handiena izanen zuen partiduaren aitzienan. Hori aprobetxatuta, neurketa hasi eta segidan bisitariek hartu zuten iniziatiba. Baloia kontrolpean eduki zuten bilbotarrek eta lehen zatian, bederatzi entsegu eraldatu lortu zituzten, 0-62ko markagailuarekin atsedenaldira ailegatuta.
Bigarren zatian, bertze jarrera batekin zelairatu zen etxeko taldea eta euren defentsaren antolakuntzak hobera egin zuen, Uni Bilboren aukerak murriztuz. Hala ere, lau entsegu eta bi eraldaketa gehiago lortu zituzten bilbotarrek, 0-87ko behin-betiko emaitza lortuz.
Honen ondotik, heldu den asteburuan, bertze neurketa zail bat izanen du Biok Txingudik, Durango bisitatuko beharko baitu.
16 urtez azpiko taldeak puntuak batu zituen Lasarten
16 urtez azpiko Txingudi/Baztanek 19-56ko markagailuarekin irabazi zion Zarautz/Beltzak taldeari Lasarte-Orian. Neurketa uste baino erosoagoa izan zen mugako gazteentzat, baina etxekoek ere jokoa zaildu egin zuten, ez zutelako amore eman nahi. Hala ere, garaipena lortuta, Ligako bigarren faserako garrantzitsua izanen diren puntuak eskuratu zituzten mugako gazteek.
Lea Etxebarrieta jokalariek egin du Biok Txingudik jokatutako partiduaren balorazioa.