Biok Txingudik ezin izan zuen garaipen batekin ospatu etxean jokatutako lehen jardunaldia
Biok Txingudik denboraldiko etxeko lehen jardunaldia jokatu zuen pasa den asteburuan, Durangoren kontra. Garaipen bat lortu nahi zuten etxekoek eta, azken momentura arte, aukera hori irekita egon zen. Hala ere, Durangok puntuak eraman nahi zituen etxera eta hori lortu egin zuen. 10-14ko markagailuarekin irabazi zuten bizkaitarrek, defentsa ona zelairatuz, eta jardunaldiko puntuak ere poltsikoratu zituzten.
Neurketa parekatua jokatu zuten Biok Txingudik eta Durangok Plaiaundin eta 24. minutura arte ez zen markagailua mugitu. Bisitariak izan ziren aitzina hartzen lehenak, entsegu eraldatu batekin zazpi puntuko aldea hartuz. Hamar minutu beranduago, Biok Txingudik egindako defentsa lan onari esker, baloia berreskuratu eta durangarren entsegu eremura gerturatuta, Laida Rodriguezek etxekoen lehen marka lortu zuen, 5-7koa ezarriz.
Atsedenaldira bidean, bi taldeei kosta egin zitzaien puntu gehiago batzea, biak ere joko sendo bat erakutsi baitzuten eta defentsan ongi ari ziren. Hala ere, lehen zatiko azken minutuetan Durangok defentsa lerroa haustea lortu zuen eta bigarren entsegua egiteko gai izan zen, 5-14koa ipiniz.
Bigarren zatian, Biok Txingudi markagailua iraultzeko asmoz atera zen zelaira, baina aurkariak egindako defentsa lanari esker, ezin izan zuten emaitza mugitu. Hala ere, saiatzen segitu zuten eta 54. minutuan, zigor kolpe bat azkar jokatuz, Enara Arruti aurkariaren entsegu eremura ailegatu zen eta taldearen bigarren entsegua lortu zuen (10-14). Hortik aitzinera, markagailua iraultzen saiatu ziren mugakoak, baina ez zuten gauzatzerik izan eta azkenean, bere hortan gelditu zen emaitza durangarren alde. Biok Txingudik, hala ere, bonus puntu bat eskuratu zuen.
Bi neurketa jokatuta, B multzoko sailkapeneko lehen postuan kokatzen da Txingudi eta, heldu den asteburuan, Logroñon izanen du partidua.
Ane Novo jokalariak egin du asteburuko jardunaldiko balorazioa.