Biok Txingudik Euskadiko txapelketarako sailkatzea izanen du jokoan asteburuan
Euskal Ligako lehen fasearen bukaera ailegatu da Biok Txingudi taldearentzat. Talde onen artean sailkatu dira Txingudi Rugby Klubeko senior mailako emakumeak eta, denboraldiaren bigarren zatian, Euskadiko Txapelketa jokatzea jokoan izanen dute lehen faseko azken jardunaldian. Elorrio/Urgozo taldea gainditu beharko du horretarako larunbat honetan, abenduaren 7an, Plaiaundin (16:00).
A eta B multzoko lehen hiru postuak dira txapelketarako sarbidea aurten eta dagoeneko, bost talde sailkatu dira guztira bi multzoetatik. Seigarren taldea Plaiaundin erabakiko da larunbat honetan, Biok Txingudi eta Elorrio/Urgozo taldeen arteko neurketan. Hain zuzen ere, bi talde hauek berdinduta daude multzoko hirugarren postuan, 10 punturekin eta bina garaipenekin.
Lea Etxebarrieta taldeko kapitainak aipatu duenez, ”egun garrantzitsua dela badakigu eta urduritasun puntu bat badago, baina taldean arnasten den giroa apartekoa da eta argi daukagu edozein talderi aurre egiteko gai garela”. Klubak jendeari dei egin dio larunbatean Plaiaundira hurbiltzeko eta taldea animatzeko momentu garrantzitsu honetan. Horrez gain, bertaratu ezin denarentzat, klubak ere jakinarazi du taldearen Youtube kanalaean zuzenean emanen dutela partidua.
16 eta 18 urtez azpiko Ligetako bigarren fasea hasiko da
Txingudi Rugby Klubeko eskolako taldeek Iruñean hasiko dute asteburu honetan Euskal Ligako bigarren fasea, 16 eta 18 urtez azpiko taldeek aurkari bera izanen baitute larunbatean, La Unica. 11:00etan gazteenen txanda izanen da eta ondotik, 12:15ean, 18 urtez azpikoak lehiatuko dira.