BIOK TXINGUDI EUSKAL LIGAKO B MULTZOKO TXAPELDUNORDEA

2024/05/20
BIOK TXINGUDI EUSKAL LIGAKO B MULTZOKO TXAPELDUNORDEA

Txingudi Rugby Klubeko taldeak ezin izan zuen Sarako Izarra garaitu eta bigarren postuan bukatu du senior mailako bere lehen denboraldia

Ligako azkeneko hamabostekoan Saioa Gartzia, Gaia Morris, Zumendi Caro, Lupe Pescador, Maddi Garmendia, Lohitzun Aia, Irati Lazkano, Lea Etxebarrieta (kapitaina), Enara Arruti, Paola Vega, Ainara Varela, Jessica Gómez, Onintza Burgera, Maier Aia eta Aitana Garrido aritu dira. Lucia Durán, Yaiza García eta Leizuri Pinaga aulkian hasi dute partida eta Irene Goenagak ezin izan du jokatu beroketan izandako lesio batengatik. Epailea Juan Luis Díaz Peña izan da.

Txingudi Rugby Klubeko Biok Txingudi taldeak denboraldiko azken jardunaldia jokatu zuen atzo, maiatzaren 19an, Sarako Izarra taldearen kontra. Neurketa parekatua izan zen, baina azkenik lapurtarren alde bukatu zen, 43-12ko markagailuarekin. Horrela, saratarrak izan dira Euskal Ligako B multzoko txapeldunak eta mugakoak berriz, txapeldunorde.

Neurketa hasi eta berehala hartu zuen aitzina Biok Txingudik taldeak, Lea Etxebarrietak baloia hagen artean utzita (0-5). Indarrez hasi uzuten jardunaldia, baina etxekoek ere ez zituzten besoak jeitsiko. Entsegu eraldatu batekin, 7-5ekoa ezarri zuten eta horrez gain, talde bisitariko Zumendi Carok aldi baterako kaleratzea jaso zuen plakaketa arriskutsu baten ondorioz. Atsedenaldira bidean, Paola Vegak lapurtarren akats bat aprobetxatu zuen eta ostikoka entsegu-eremuraino eraman zuen baloia marka egoteko. Enara Arrutik eraldaketa egin eta 7-12koarkein joan ziren aldageletara.

Bigarren zatian, indarrez zelairatu ziren bi taldeak eta etxekoek markagailua berdintzea lortu zuen (12-12). Hori gutti balitz, Onintza Burgera kanporatu zuten eta horren ondorioz, zigor-entsegu bat ere ailegatu zen, 19-12koa ahalbidetuz. Hortik aitzinera, talde bisitaria desantolatu egin zen eta saratarrek markagailuan aldea ireki zuten, 43-12koa iritsi arte.

Behin-betiko emaitza honekin, B multzoko bigarren postuan sailkatu da Biok Txingudi denboraldia bukatzerakoan. Liga jokatu duen lehen urtea bikain bukatu dute honela. Guztira, 17 partidu jokatu dituzte eta horietatik, 8 irabazi eta 9 galdu. 340 puntu batu dituzte eta 54 entsegu lortu. Kontrara, 464 puntu eta 76 entsegu jaso dituzte.