Biok Txingudi Euskadiko Txapelketan mailako onenekin batera

2024/12/09
Elorrio/Urgozori 10-5ko markagailuarekin irabazi ondotik, Txingudi Rugby Klubeko senior mailako emakumeak Euskadiko Txapelketan lehiatuko dira heldu den asteburutik aitzinera.
Biok Txingudi Euskadiko Txapelketan mailako onenekin batera
Biok Txingudi 10
5 Elorrio/Urgozo

Euriak, haizeak eta hotzak baldintzatutako jardunaldia jokatu zuten Plaiaundin Biok Txingudik eta Elorrio/Urgozok. Euskadiko Txapelketako azken txartela zuten bi taldeek jokoan eta, 10-5ko markagailuarekin, etxekoentzat izan zen garaipena, Liga jokatzen ari diren bigarren denboraldiak mailako onene artean egotea lortuz. 

Lehen zatian Elorrio/Urgozok izan zuen, gehien bat, baloiaren jabetza, eta Biok Txingudik defentsan egin zuen lanaren zati handi bat, haizea kontran zuela. Hamalaugarren minutuan, bisitariak markagailuan aitzina hartzeko zorian izan ziren, baina baloiak ez zuen entsegu eremua guztiz ukitu eta beraz, ez zuten emaitza mugitzerik izan. Atsedenaldira ere, errugbian ohikoa ez den markagailu batekin joan ziren bi taldeak, 0-0ekoarekin. 

Bigarren zatian, haizea alde zuen etxeko taldeak eta meléan zuen nagusitasuna aprobetxatuz ere, lehen puntuak eskuratu zituen. 44. minutuan, Enara Arrutik aurrelariekin jokatutako zigor kolpe batean, Alazne Maciciorrek defentsa atzera botatzea lortu zuen, Sandra Ramosek bigarren kolpea eman zuen, Maren Santa Cruzek hirugarrena eta azken barneraldia egin zezan, entsegu-eremuraino falta ziren azkeneko metroak lortu zituen ere (5-0).

Nekeak eta zelaiaren egoera kaskarrak akats gehiago egitea  eragin zuen, baina jokoa gero eta dinamikoagoa bilakatu zen, bi taldeek beharrezkoak zituzten puntuak eskuratu nahi zituztelako. 75. minutuan, etxekoen defentsaren akats bat baliatuz, Elorrio/Urgozok metroak irabazi zituen hagen aurreraino iritsiz. Hurrengo fasetan, entsegu-marra gurutzatzea lortu zuten markagailua berdinduz (5-5). Berdinketarekin, sailkapena bizkaitarrentzat zen, hortaz, Txingudiko jokalariak dena eman zuten erasoan abantaila berreskuratzeko.

Elorrio/Urgozok baloia izan zuen azkeneko minutuetan baina, neurketa bukatzen ari zela, zigor kolpe bat egin zuten, Alba Saizek eskura azkar atera zuena. Enara Arrutik defentsa jokoz kanpo zegoela probestu zuen  eta jardunaldiko bigarren marka lortu zuen, 10-5eko markagailua erdietsiz. Garaipenarekin, Biok Txingudi Ligako sei talderik onenen artean kokatu da eta Euskadiko Txapelketan arituko da heldu den asteburutik aitzinera.

Gazteek ere garaipenak lortu zituzten Iruñean

18 eta 16 urtez azpikoek ere Iruñean jokatutako neurketetan garaipenak eskuratu zituzten. Bi taldeek La Unicaren kontra jokatu zuten eta landutako bi garaipen lortu zituzten denboraldiko bigarren faseko lehen jardunaldian. 

16 urtez azpikoek 24-28ko markagailuarekin irabazi zuten La Unicaren kontra, nahiz eta ematen duena baino berdinduago egon neurketan zehar. Atsedenaldira, 24-19ko emaitzarekin ailegatu ziren, baina bigarren zatian emaitza hau iraultzea lortu zuten. 

18 urtez azpiko Gabiria Txingudi/Bera Bera/Baztan taldeak berriz, 26-31 garaitu zuen klub bereko taldea. Gazteenen antzera, galtzen hasi ziren eta markagailua irauli behar izan zuten bigarren zatian.

Miren Fernández Ollo, Biok Txingudiko kapitaina.