Biok Txingudi etxean ariko da La Unicaren kontra
Biok Txingudik zaleen babesa hurbiletik sentituko dute asteburu honetan. Izan ere, Plaiaundin ariko dira Txingudi Rugby Klubeko senior mailako emakumeak Iruñeako La Unica taldearen kontra. Partidua larunbatean ospatuko da, otsailaren 15ean, 16:00etan.
Denboraldiko bigarren faseko lehen itzulia itxiko du Biok Txingudik asteburu honetan etxean. Azken hiru jardunaldietan porrota jaso ondotik, mugakoek garaipena eskuratu nahi dute Euskal Ligan duten lekua merezi dutela erakusteko. Iruñeako La Unica taldea izanen dute bidasotarrek aitzinean, dinamika onean datorren taldea hain zuzen ere. Azken bi neurketak irabazi dituzte eta etxetik kanpo ere maila mantentzen ari dira iruindarrak.
Plaiaundiko zelaiaren egoerak baldintzatuko du bertze behin jardunaldia, baina aski ezaguna dute eremua eta taldea buru-belarri dago larunbatera begira prestaketak egiten, Asier González, Alejandro Lasa eta Patxi Artola entrenatzaileekin.
Gazteen taldeak Iruñean ariko dira
Txingudi Rugby Klubeko 16 eta 18 urtez azpiko taldeak Nafarroara joanen dira larunbatean, biak ere Nafarroako Unibertsitateko zelaian ariko dira, Iruñaren kontra. Gazteenek jokatuko dute lehenbizi, 11:00etan, B multzoko hirugarren postua finkatu eta bigarren eta lehen postuetatara hurbiltzen saiatzeko. 18 urtez azpiko Gabiria Txingudi/Bera Bera/Baztan taldeak 12:30ean izanen du partidua, hauek ere sailkapeneko bigarren postuan sendotzeko asmoarekin.
Eskolako jardunaldia Ordizian
Igandean, otsailaren 16an, Txingudi/Orereta taldeko jokalari gazteenak Ordizian izanen dira, bertan jokatuko den topaketan parte hartzen. Beraien batera, Zarautz/Beltzak taldea ere bertaratuko da.