Bigarren zatian erabaki du Bidasoak Gijonen
COVADONGA: álvarez (6), Ancizu (1), Conlledo, Fernández (1), López, González (1), López Domínguez, Martínez, Paraja (4), Pérez (5), Rodríguez, Rodríguez Prendes (4), Rodríguez Valdés, Vallado, Vizcaíno eta Santos.
BIDASOA-IRUN: Zubiria, Dejanovic, Cavero, Vázquez (1 gol), Martínez (6), Crowley (6), Beltza, Portero (3), Villar (1), Odriozola (6), Muiña, Bezbradica, Mouriño (5), Davidovic eta Azkue.
MARKAGAILUA: 3-2, 4-3,6-6, 9-8, 10-10 y 11-12 (atsedenaldia); 11-15, 14-17, 15-20, 17-21, 19-24, 22-28.
Asturiasen irabazi du oraingoan Bidasoa-Irunek, Covadonga lehiakor baten etxean. Lehen zatian, batez ere, estu hartu du arerioak talde irundarra. Abantaila gehienak etxekoenak izan dira lehen hogei minutuetan (9-8). Azken ahalegina egin du Bidasoak atsedenaldiaren aurretik abantaila hartzeko, eta markagailuari buelta ematea lortu du. Julián Porterok egin du azken gola (11-12). Emaitza ona zen, kantxan ikusitakoa kontuan hartuta.
Bigarren zatian, berriz, itxura hobea eman du Fernando Bolearen taldeak. Indartsu irten da, eta lauko aldea hartzea lortu du laster (11-15). Dena den, kosta zaio neurketa haustea. Covadongak ez dio gehiegi aldentzerik utzi. 52.minutuan, hiruko aldea besterik ez zuen Bidasoak (19-22). Baina ez da urduritu, eta tinko jarraitu du garaipenaren bila. Azken zortzi minutuetan, Covadongaren gol bakoitzeko, bi sartu ditu Bidasoak. Norgehiagoka erabaki du horrela, eta beste bi puntu eskuratu ditu. Aurkariek ere ez dute hutsik egin, eta sailkapenaren buruan ez da aldaketarik izan.