Bigarren tokian bukatu du liga Hendaiak
2015/04/21
Garaipena eta erasoko bonusa eskuratu zituen Hendaiak ligako azken jardunaldian. Miélan-Mirande mendean hartu zuen igandean Ondarraitzen, hasieratik kontrolatu zuen norgehiagokan. Bost puntuak ez ziren aski izan, St Médard liderrak ere garaipen argia lortu zuelako Lourdesen aurkakoan. Bigarren postuan bukatu du, beraz, Hendaiak. Dena den, jardunaldiko albiste okerrenak lesio moduan iritsi ziren. Garayarrek, Gallardetek eta Chaudièrek min hartuta utzi zuten zelaia, eta zalantza izango dira hurrengo hitzorduetarako. Fédérale 1 ligara igotzeko play off-etan, Hagetmau izango du aurkari Hendaiak final hamaseirenetan. Etxetik kanpo jokatuko dute xuriek joaneko partida, igandean 15:00etan.