BIGARREN POSTUAN EGONKORTZEKO AITZINERA PAUSU BERRI BAT EMAN DU BIDASOAK
Blendio Sinfinen kontra 36-24ko emaitzarekin irabazi zuen talde horiak Artalekun
Bidasoa Irunek garaipena eskuratu zuen pasa den larunbatean etxean, Blendio Sinfin taldeari 36-24ko markagailuarekin irabazi ondotik. Bi puntu gehiago poltsikoratuta, talde horiak sailkapeneko bigarren postuan egonkortzeko aitzinera pausu berri bat eman du eta hirugarren kokatuta dagoen Granollersi bost puntuko aldea ateratzen dio dagoeneko.
Erosotasunez eskuratu zuen garaipena Bidasoak Blendio Sinfin taldearen kontra. Lehenengo zortzi jaurtiketetan, zortzi gol sartuta, aldea irekitzen hasi ziren etxekoak eta atsedenaldira bidean, 19-12ko emaitza eskuratua zuten. Zazpi goleko errenta hori, bederatzira eraman zuten bigarren zatiaren hasieran, baina aurkariak amore eman gabe segitu zuten eta bortzera murriztu zuten berriz ere bi taldeen arteko aldea. Jacobo Cuetarak hutsartea eskatu zuen orduan, eta ongi erantzun zuen bere taldeak, 4-0eko partziala eginda eta dagoeneko garaipena ziurtatuta.
Azkenik, 36-24ko markagailua erdietsi zuen Bidasoak eta sailkapeneko bigarren postua eskuratzeko helburuan, bi puntu garrantzitsu batu zituen. Plenitude ASOBAL Ligako hurrengo jardunaldia Ademar Leon taldearen kontra jokatuko du Irungo taldeak, igandean (apirilaren 21ean), 17:00etan. Lehia apirilaren 26ra bueltatuko da Artalekura, Frigorificos del Morrazo taldearen kontrako partiduarekin (20:00).
(Argazkia: Arrate Morales)