Bidasoaren erritmoak ez du etenik
BIDASOA: Zubiria, Dejanovic, Cavero (4), Vázquez (5), Martínez (5), Crowley (1), Beltza, Portero, Villar, Odriozola (1), Muiña (3), Bezbradica (1), Mouriño (5), Davidovic, Azkue (3).
GIJóN: Galarza, Blanco (3), Rionda, Río (6), Adrián Fernández (4), Ortega, Pellitero (4), García, Cancio (2), Rodríguez, álvarez, Díez, Serdio (4), álvarez, Beret (1), Plaza.
MARKAGAILUA: 3-4, 5-7, 9-9, 10-11, 12-11 y 14-14 (atsedenaldia); 17-16, 19-17, 21-19, 22-21, 25-23, 28-24.
Eskubaloi partida ikusgarria hartu du Artaleku kiroldegiak. Bidasoak eta Juanfersa Gijonek neurtu dituzte indarrak Irunen. Sailkapenaren buruan berdinduta iritsi dira norgehiagokara, eta parekotasuna agerian gelditu da pistan ere. Bidasoak zaleen babesa izan du alde, itxura ederra izan baitu oraingoan Artalekuk. Harmailak betetzeaz gainera, taldea animatzeko gogoz aritu dira zale bidasoarrak. Jokalariek garaipen handia eskaini ahal izan diete. Lehia bizia eta estua izan da, baina bi puntu eskuratzea lortu du azkenean Bidasoak.
Neurketa ez da bide zuzenetik hasi. 5-1eko defentsarekin irten da Bidasoa, baina ez du behar bezala funtzionatu. Erraz sartu ditu lehen golak Gijonek. Zazpi egin ditu zortzigarren minuturako (4-7). Fernando Bolea etxeko entrenatzaileak hutsartea eskatu behar izan du orduan, neurketaren norabidea aldatzeko. Eragina izan du, bi minutu beranduago Alberto Suárez Gijón taldeko entrenatzaileak eskatu behar izan baitu. 7-7 berdintzea lortu du Bidasoak, Cristian Martinezen golari esker. Atsedenaldira arte, gol bakarreko aldeak izan dituzte taldeek. 14-14koarekin amaitu da lehen zatia.
Bigarrenak itxura berdina hartu du hasieran. Hala ere, pixkanaka nagusituz joan da Bidasoa. Aldaketak egin ditu Boleak neurketa osoan zehar, eta indartsu heldu dira jokalariak azken txanpara. Amaierarako hamar minutu falta zirenean, 22-21ekoa zen markagailua. Fernando Boleak hutsartea eskatu du, garaipena lortzeko azken jarraibideak emateko. 26.minutuan erabaki du norgehiagoka Bidasoak. Jon Azkuek 26-23koa sartu du joko pasiboarekin mugan, eraso luze baten ondoren. Hurrengo defentsan baloia lapurtu dute horiek, eta Azkuek berak eman dio azken kolpea Gijoni. Bi aste izango ditu orain Bidasoak ligako hurrengo hitzordua prestatzeko. Tartean, Errege Kopako partida jokatuko du Zarautzen.