BIDASOAREN BOLADA BIKAINA DA

2021/04/24

BM Benidorm 29-31 garaitu du Bidasoak eta jada 45 puntu erdietsi ditu. Inoiz lortutako bigarren markarik onena: 2018-2019 denboraldian txapeldunorde izandako puntu berdinak, alegia.

Bidasoaren bolada onak berehorretan darrai eta erreskan erdietsitako hirugarren garaipena lortu du. Lehen zati berdindu baten ostean, bigarren zati osoan zehar talde irundarra aurretik mantendu da markagailuan eta azkenean bi golen errentarengatik (29-31) lortu ditu bi puntuak.

Neurketako lehen minutuetan bi izen nabarmendu dira: Xoan Ledok eta Rodrigo Salinasek Bidasoaren lehen errentak ahalbidetu dituzte; BM Benidormek, aldiz, estu hartu du talde irundarra eta lehen bost minutuetan markagailua 3-3 berdintzera heldu da. Horren ostean, Bidasoak ez du asmatu eta bost minutu igaro ditu golik egin gabe. Etxeko taldeak 3-0eko partziala egiteko baliatu du, 6-3 markagailua irauli du.

Jacobo Cuetarak hutsartea eskatu behar izan du eta etenalditik aurrera, talde horiak lehen minutuetako erritmoa berreskuratu du. Iker Serranoren bi golek eta Sergio de la Saluden beste batek markagailua berdindu dute berriz. Neurketa berezia zen Bidasoako kapitainarentzat, datorren urtean jokatuko duen taldea izan du arerio eta sekulako neurketa jokatu du. Bidasoako bi piboteek, Iker Serranok eta Julen Aginagaldek, sei gol erdietsi dituzte, biak neurketako golegile nagusiak izan dira. Hain zuzen ere, 6-6ko berdinketaren ostean, neurketa oso berdintsu joan da, baina Julen Aginagalderen lau golek atsedenaldira 13-14 aurretik jarri du Bidasoa.

Bigarren zatiko lehen minutuetan kolpea eman du Bidasoak. 2-6ko partziala eta partiduko errenta nagusia erdietsi du (37.minutuan, 15-20). BM Benidormek hutsartea eskatu du, baina atera bezain pronto, Mikel Zabalak sei goletara handitu du talde irundarraren abantaila. Dena den, denbora gutxian Tom Tesorierrek eta Julen Aginagaldek bi minutuko zigorra jaso eta etxekoen lana hauspotu dute. Neurketa bukatzeko bi minutu geratzen zirenean, gol bakarrera murriztu du errenta BM Benidormek, baina Iñaki Cavero irundarraren azken orduko hiru golek neurketa eta emaitza borobildu dute (29-31).

Sacyr Asobal Ligako 29.jardunaldian eskuratutako garaipen honekin, ligako 45.puntua batu du Bidasoak. Garaipen honen bitartez, inoiz lortutako bigarren errenta nagusia erdietsi du, 2018-2019 denboraldian txapeldunorde geratu zeneko puntuazio bera. Oraindik bost neurketa geratzen zaizkio talde irundarrari denboraldia amaitutzat emateko, bigarren postua lortzeko lanetan sendo jarraitzen du.

Fitxa teknikoa 

29 - BM. Benidorm (13+16). Rodríguez, Oliver (1), Lignieres, Parker (4), Grau, Ivan Rodríguez (3), Folques (4); Terçariol, Porras (3), Rivero, Méndez, Spiljak (2), Feutchmann (4), Nolasco (2), Nikcevic (6, 3 p.), Celjovic.

31 - Bidasoa Irun (14+17). Ledo, Cavero (5), Zabala (1), Serrano (6), Salinas (6, 1 p.), De la Salud (3), Azkue (3); Sierra, Crowley, Racotea (1), Aginagalde (6), Tesoriere, Da Silva, Bonanno.