BIDASOAKO LAU JOKALARI MUNDUKO TXAPELKETAN
Matheus Francisco da Silva, Rodrigo Salinas, Mehdi Harbaoui eta Jakub Skrzyniarz euren herrialdeetako selekzioekin arituko dira Munduko Txapelketan
Bidasoa Iruneko lau jokalari arituko dira datozen egunotan Polonian eta Suedian ospatuko den Munduko Txapelketan. Hain zuzen ere, Matheus Francisco da Silva, Rodrigo Salinas, Mehdi Harbaoui eta Jakub Skrzyniarz euren herrialdeetako selekzioen deialdian sartu dira.
Matheus Francisco da Silva Brasilgo selekzioarekin arituko da Munduko Txapelketako C multzoan. Multzo honek Goteborgeko Scandinaviuman izanen du egoitza eta, Brasilekin batera, anfitrioia den Suedia, Cabo Verde eta Uruguai taldeek osatzen dute. Da Silvaren taldeak Suediaren kontra jokatuko du urtarrilaren 12an, 20:30ean. Uruguairen kontra berriz, urtarrilaren 14ean arituko da, 18:00etan. Eta azkenik, Cabo Verderen aitzinean egonen da urtarrilaren 16an, 18:00etan.
Rodrigo Salinasen taldea berriz, A multzoan dago kokatuta, Espainia, Montenegro eta Iranekin batera. Aitor Etxaburu, Europako txapeldun eta Bidasoako kapitain eta entrenatzaile ohia, izanen da lehen aldiz selekzio honen buru. Multzo honen lehen egoitza Krakoviako Tauron Arena kantxa izanen da. Txilek Iranen kontra jokatuko du lehen neurketa urtarrilaren 12an, 18:00etan. Espainiaren aurka berriz, urtarrilaren 14ean arituko da, 20:30ean. Eta Montenegroren aurrean aldiz, urtarrilaren 16an egonen da, 18:00etan.
Mehdi Harbaoui atezaina Tunisiako selekzioarekin arituko da, Patrick Cazal bidasotar ohiaren gidaritzapean. Talde honek Malmön izanen du egoitza eta H multzoak egonen da, Danimarka egungo txapeldunarekin, Belgikarekin eta Bahreinekin batera. Hain zuzen ere, Barheinen aurka jokatuko du Tunisiak lehen neurketa, urtarrilaren 13an 18:00etan. urtarrilaren 15ean berriz, Belgika izanen du aurrez aurre, 18:00etan. Eta azkenik, Danimarkaren kontra arituko da, urtarrilaren 17an 20:30ean.
Azkenik, Jakub Skrzyniarz-ek Polonian jokatuko du, bertako selekzioak Katowice-n baitu egoitza. Taldea B multzoak dago kokatuta, Frantzia, Saudi Arabia eta Esloveniarekin batera. Lehen neurketa, inaugurazio-norgehiagoka izanen dena hain zuzen ere, Frantzia eta Poloniaren artekoa izanen da, bihar (urtarrilak 11), 21:00etan. Urtarrilaren 14ean berriz, Esloveniaren kontra arituko da atezain bidasotarra, 20.30ean. Eta bukatzeko, Poloniak Saudi Arabia izanen du aurkari, urtarrilaren 16an 20:30ean.